Iñaki Lasa Gasteizko Olentzero historikoa omendu dute

Erredakzioa 2023ko abe. 13a, 12:00

Urrezko Zeledonen elkarteak aitortza eskaini dio Iñaki Lasari, 26 urtez Gasteizko haurrei "ilusioa eta magia" eraman zien pertsonaiaren lana eskertzeko. Dokumental bat eta aldizkari berezi bat argitaratu dituzte omenaldi gisa.

Astelehenean, Urrezko Zeledonen elkarteak omenaldi "xume eta beroa" antolatu zuen, ia hiru hamarkadaz Olentzero gorpuztu duen Iñaki Lasa Nuin gasteiztarraren lana aitortzeko.

"26 urtez abenduaren 24an Gasteizko haurrei ilusio eta magia eraman zien pertsonaiaren lana aitortzea zen asmoa, eta bikain bete zen helburua", ospatu du elkarteak. "Merezitako aitortza, milaka eta milaka haurren bihotzekin kontaktatzeko hainbeste urtez bere gizatasuna eskaini zuen Iñaki Lasari".

Dozenaka herritar bildu ziren leporaino betetako Vital Fundazioa Kulturunean, horien artean Lasaren lagun eta senide ugari. Ekitaldiarekin batera, Urrezko Aldizkariaren 13. zenbaki berezia eta Iñakiren zein Olentzeroren inguruan ondutako dokumentala aurkeztu zituzten.

Aldizkariaren edizio bereziaren testua omenduak berak idatzi du, euskara hutsean; baina QR kode baten bidez, Ane Pedruzo kazetariak egindako gaztelaniazko bertsiora joateko aukera dago.

Dokumentala, berriz, Eloy Gonzalez Gavilanek zuzendu du, Iñakiren gidoiaren gainean. 50 minutuko ikus-entzunezko lana da, euskarazko narrazioarekin. Kasu honetan ere, gaztelaniazko bertsio bat dago, Pedruzoren ahotsarekin.

Eduardo Valle bazkideak aurkeztutako ekitaldian, Josemari Velez de Mendizabal Urrezko Zeledonen lehendakaria, Beatriz Artolazabal Gasteizko alkateordea, Ainhoa Pereita Vital Fundazioen zuzendari exekutiboa, Iñaki Lasa bera eta Eloy Gonzalez Gavilan aritu ziren. Horrez gain, publikoaren artean Sonia Ruiz de Corcuera Gasteizko Kultura zinegotzia, Maider Uriarte (EH Bildu) eta Oskar Fernandez (Elkarrekin) zinegotzi gasteiztarrak, eta Gorka Urtaran alkate ohi eta Gizarte Politikarako Diputatua eseri ziren.

Bazkide berriak

Iñaki Lasa omentzeaz gain, ekitaldiaren hasieran Urrezko Zeledonen bazkide berriei diploma banatu zitzaien: Javier Armentia, Iker Ortiz de Zarate, Montxo Lopez de Ipiña, Toti Martinez de Lezea, Aurora San Vicente eta Juan Inazio Arce (Zaporeak), Maider Unda, Isabel Mellen, Begoña Divar eta Luis Orduña.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide