Zeintzuk dira Gasteizko udal gobernuaren 100 konpromisoak?

Erredakzioa 2023ko aza. 17a, 14:00

Maider Etxebarria alkateak eta PSE-EAJ udal gobernuak 2023/2027ko Gobernu Programa aurkeztu dute jendaurrean, "hiri aktiboa, zaintzailea, jasangarria eta auzoen aldekoa" eraikitzeko sei ardatz, hamalau lan esparru eta ehun neurri zehatzekin.

Alkatetza eskuratu zuenetik bost hilabete igaro direnean, Maider Etxebarria (PSE) Gasteizko alkateak 2023/2027 aldirako Gobernu Programa aurkeztu du aste honetan, Europa Biltzar Jauregian. Udal gobernuko zinegotziekin batera, Etxebarriak gizarteko ehun bat ordezkarirekin konpartitu du legegintzaldi honetarako PSEk eta EAJk adostutako sei ardatzak, hamalau lan esparruak eta ehun konpromiso zehatzak. Gainera, dinamika parte-hartzaile baten bidez horien inguruko eztabaida egin dute.

Datozen lau urteetan "hiri aktiboa, zaintzailea, jasangarria eta auzoen alde dena ematen duena eraikitzea" izango da alkatearen zein udal gobernuaren helburu nagusia, eta horretarako oinarriak "elkar ulertzea, tokiko ekintza eta adostasunak" izango direla azpimarratu du Etxebarriak.

Udal gobernuaren ibilbide-orriaren lehentasunak izango dira, besteak beste, "pertsona guztien eskubideen defentsa eta ongizatea; politika jasangarrien garapena; hirian jarduera bultzatzea; merkataritzari, industriari eta ekintzailetzari babesa ematea; auzoetan arreta jartzea; eta herritarrekiko harremanetan gertutasun handiagoa duen eta arinagoa den Udala eratzea".

Sei ardatz

Udal gobernuak sei ardatz nagusi aurreikusi ditu bere jarduera planean, hamalau lan esparrurekin eta guztira ehun neurri edo konpromiso zehatzekin:

  • Pertsonen hiria, zaintzailea eta inklusiboa
    "Pertsonak jarriko ditugu gure ekintza politikoaren erdigunean, haien bizitza erraztuko duten edo, gutxienez, pixka bat hobetuko duten ekintzekin", azaldu du alkateak. Besteak beste:
    • Adinekoei eta familiei eskainitako baliabideak hobetzea
    • Indarkeria matxistaren aurkako estrategia indartzea
    • Udaltzaingoaren komisaria berria Jose Erbina kalean
    • Udaltzaingorako eta bideozaintzarako bitartekoak handitzea
    • Gazteen Emantzipazio Bulegoa irekitzea

  • Hiri jasangarria
    "Gasteizek ingurumen arloan erreferente izaten jarraitu nahi du. Kontuan izan beharko dugu barrurantz eta landatar eremuarekiko modu begirunetsuan hazteko beharra", azpimarratu du Etxebarriak. Besteak beste:
    • HAPO berriaren onespena amaitzea
    • Energia berriztagarrien eta eraginkortasun energetikoaren aldeko apustua
    • Mugikortasun jasangarria bultzatzea: tranbia Zabalganera hedatzea eta Tuvisaren flota berritzea
    • Hiriaren berroneratzea eta birgaitzea

  • Hiri lehiakorra
    "Ekonomia arloari dagokionez, legealdi honetan bideratuko diren proiektuen helburua izango da Gasteiz hiri lehiakorra, bizia eta aukerak eskaintzen dituena bihurtzea", aldarrikatu du alkateak. Besteak beste:
    • Enpleguaren kalitatea hobetzeko neurriak
    • Industriari Babesa emateko III. Plana prestatzea
    • Ekintzailetza indartzea
    • Gasteiz zirkularra estrategia

  • Hiri aktibo eta bizia
    "Jarduera komertziala, kulturala eta turistikoa bultzatzea eta garapen hori bultzatuko luketen ekitaldiak sustatzea eta jarduerarik ez duten lokalen egoera lehengoratu eta hiriko gune ugariren erakargarritasun komertziala indartzea" izango da udal gobernuaren laugarren ardatza. Besteak beste:
    • Lokal Komertzialak Dinamizatzeko Plana abian jartzea
    • Principal Antzokiaren erreforma
    • Iradier Arenarako alternatibak aztertzea
    • Izaskun Arrue Kulturgunea euskal kulturaren erreferente bihurtzea
    • Maturana-Berastegi Jauregia sendotzea (erabilera turistikoa eta kulturala)

  • Auzoen eta herrien hiria
    "Auzoen beharrei erantzuna ematea eta bizilagunen ongizatea handitzea" da bosgarren ekintza-lerroaren xede nagusia. Besteak beste:
    • Auzoen Hiria plana: hiriko mantentze-lanak, argiztapena eta kimaketak hobetzea eta espazio publikoa berritzea
    • Zaramagaren birgaikuntza
    • Erdi Aroko erdigunearen errehabilitaziorako planaren (PERI) garapena
    • Garbitasunaren hobekuntza

  • Gertukoa eta eraginkorra den gobernua
    "Tokiko administrazioa herritarrekiko harremanean eraginkorragoa eta arreta bizkorra eskaintzeko gai izatea eta administrazioko izapidetze gutxiago behar izatea" du helburu udal gobernu programaren azken ardatzak. Besteak beste:
    • Lizentziak emateko epeak gutxitzea
    • Gasteiz Hobetuz partaidetza-programa indartzea

PROGRAMA OSOA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide