Kultur-Ola jardunaldiak: euskarazko kulturaren transmisioa aztergai

Erredakzioa 2023ko aza. 14a, 18:00

Zein erronkari heldu kulturaren transmisioan? Nola uztartu hezkuntza eta kultura? Nola elikatu elkarlana? Erantzunak bilatzen saiatu dira GEU Elkartearen Kultur-Ola jardunaldietan, Gotzon Barandiaran, Alaitz Amundarain eta Josune Velez de Mendizabalen eskutik.

Euskal kulturaren transmisioari dagokionean, etorkizunera begira izan daitezkeen kezka eta erronkei heldu diete astearte honetan, GEU Elkarteak antolatutako Kultur-Ola jardunaldietan. Lau orduz, 09:00etatik 13:00etara, hiru hitzaldi eta askotariko dinamika parte-hartzaileak izan dira Euskaltzaindiak Gasteizen duen egoitzan.

Kultura eta hezkuntzari buruzko oinarri teorikoa aurkeztu dute lehendabiziko atalean, Gasteizko eremuari dagozkion datuekin. Horretarako, Gotzon Barandiaran idazlea, Alaitz Amundarain irakaslea eta Josune Velez de Mendizabal aktorea izango dira hizlari.

Zer da estrategikoa euskarazko kulturgintzarentzat? Zein da euskarazko kulturgintzaren erronka nagusia? Galdera horien erantzun bat proposatu du Gotzon Barandiaranek bere hitzartzean. Euskarazko kulturgintzaren egungo egoeraren irakurketa kritikoa aurkeztearekin batera, ditugun gabeziak betetzeko marko teoriko bat eskaini du.

Sormenean hezi, kulturan hazi ikastarotik hezkuntzarako sortutako proposamena izan du mintzagai Amundarainek. Hezkuntza marko berrian, era berean, berrikuntza egoerak euskal dimentsiotik sortzeaz aritu da.

Aldiz, Gasteizko kulturgintzaren argazki bat aurkeztu du Velez de Mendizabalek, euskarazko ekoizpenean azpimarra jarriz. Euskarazko kulturgintzari dagokionean nondik datorren, zer duen eta zer izan beharko lukeen pentsatzen jartzeko, tokian tokiko errealitatean kokatzen lagundu du.

Azken batean, Gasteizen lan egiten duten hezkuntza eta kultura alorretako eragile eta norbanakoak elkartzea izan dute helburu, euskarazko kultur transmisioaren inguruan hausnarketa komuna egin dezaten. Horrekin, gaur egun Gasteizen egon daitekeen euskarazko kultura eskaintzaren argazki bat egin eta izan ditzakeen ahulgune eta indarguneak identifikatu dituzte. Eta errealitatea ezagututa, hezkuntzak euskarazko kulturaren transmisioan laguntzeko aukerak aztertu dituzte. Dinamika parte hartzaile baten bitartez, etorkizunean lanketarekin jarraitzeko oinarriak ezartzen saiatu dira jardunaldietan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide