Gasteizko taberna batzuen arrazakeria salatu dute

Erredakzioa 2023ko aza. 13a, 09:00

Onarpen eskubidearen erabilera "arrazista eta iruzurrezkoa" amaitzea exijitu dute elkarretaratze batean, irailaren 30ean La Comarca tabernak hiru senegaldarri lokalean sartzea ukatu ostean.

Taberna batean sartzea erraza dirudien zerbait da, baina erronka bihur daiteke zure azalaren kolorearen arabera; edo, hobe esanda, atezainaren arrazakeria mailaren arabera. Izan ere, Arabako hogei bat eragilek elkarretaratzea antolatu zuten joan den ostiralean, azaroaren 10ean, Gasteizko ostalaritza lokal batzuetan "onarpen eskubidearen erabilera arrazista eta iruzurrezkoa" amaitzea aldarrikatzeko.

Hiriko ostalaritzan zein gaueko aisialdian ohikoegia den zerbait bada ere, gertakari zehatz batek piztu du Gasteizko komunitate arrazializatuen eta eragile antiarrazisten haserrea: duela hilabete baino gehiago, hiru senegaldarrek salatu zuten irailaren 30eko gauean Mateo Moraza kalean dagoen La Comarca tabernan sartzea ukatu zietela.

Salaketaren arabera, gaueko aisialdiko lokalera sartu aurretik, segurtasun guardia hurbildu zitzaien, "iraganean haien azal kolorea lokalaren barruan ordena publikoko arazoak sortu zituzten bezero batzuenarekin bat zetorrela" argudiatuz. Onarpen eskubidea baliatuz, atezainak sartzeko debekuari eutsi zion, eta kaltetuek lokaletik alde egin zuten, protesta gehiago egin gabe.

Ondoren, mutil senegaldarretako batek salaketa formala aurkeztu nahi izan zuen gertu zegoen Udaltzaingoaren patruila baten aurrean; baina "ez zioten kasurik egin", inplikatutakoek azaldu dutenez. Lokal horretara joaten ziren lehenbiziko aldia zen.

"Ekintza arrazista eta xenofoboa"

"Gertakari hori ez da puntuala. Afrikar euskaldunok eta pertsona arrazializatuek egunero jasaten ditugun gertakari arrazisten zerrenda luzeari batzen zaien beste bat da", salatu dute elkarretaratzearen antolatzaileek. "Lokalaren jabetzak ezartzen du segurtasun agentearen jarduna. Argi eta garbi, ekintza arrazista eta xenofoboa da, eta biak dira ekintza horren erantzule".

"Lokal publiko baten sarrera ukatzeko eskubideak ezin du inoiz eragin pertsona ororen oinarrizko eskubide bat urratzea, hau da, jatorria, arraza, sexua, erlijioa edo sexu orientazioagatiko diskriminaziorik ez jasatea", aldarrikatu dute. "Gasteizko etorkizuneko gizartea gaur sortzen ari gara. Intransigentzia, supremazismoa eta xenofobia bizikidetza aberats eta baketsu baten etsai handienak dira. Gaur ez badiegu aurre egiten, bihar guztiok pairatuko ditugu ondorioak".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide