Lau milioi euroko inbertsioa eskatu dute Gasteizko suhiltzaileen parkean

Erredakzioa 2023ko aza. 10a, 16:03

Gasteizko administrazioarekiko auzien laugarren epaitegiak udal langileen demanda onartu du.

Gasteizko suhiltzaileek demanda judiziala jarri dute hiriko udalaren kontra, Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuan 4, 5 milioi euroko inbertsioak exijituz. Goizean, Plaza Berrian eginiko kontzentrazioan azaldu dute diru kopuru hori, Gasteizko udalak, aseguru konpainien ekarpen berezien bitartez jaso duela urtero, baina ez duela Agirrelandako suhiltzaileen parkean inbertitu.

Egoitz Anda suhiltzaileen bozeramaileak adierazi duenez, "Gasteizko Udalak ez du tokiko ogasunen legea bete, ekarpen bereziei dagokionez, eta suhiltzaileen parkean inbertitu beharko ziren dirutzak beste toki batzuetara desbideratu ditu". Andak salatu du urtero milioi bat euroko desbideraketa egin duela udalak. "Aurrekontu faltak ondorio larriak ditu parkearen instalazio zaharkituetan, parkearen egoeran oro har, eta gure lana egiteko behar ditugun tresnetan eta materialetan". Gainera, zerbitzuaren kalitatea eta suhiltzaileen eta herritarren segurtasuna jokoan daudela gogoratu du.

Andak nabarmendu duenez, udalak ez du inbertsioak handitzeko borondaterik. "Hamaika bilera izan ditugu arazoak konpondu nahian eta udal gobernuak auzitegietara jotzeko beste aukerarik ez digu eman. Egoera horren aurrean gure poltsikotik ordaindutako abokatu bat kontratatzea beste erremediorik ez dugu izan, eta udalaren kontrako auzi judiziala abiatzea". Iragarri dutenez, Gasteizko administrazioarekiko auzien laugarren epaitegiak demanda onartu du.

Gasteizko udalari "legeak jasotzen duena" betetzeko eskatu diote, "suhiltzaile parkeak behar dituen inbertsioak egiteko eta kalitatezko zerbitzua eskaini ahal izateko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide