Iritzia

Kulturaren itsasargia

Josune Velez de Mendizabal 2023ko aza. 11a, 12:00
'(H)ondoko gela'. Argazkia: Les Bobè Bobé

"Azken urteetan gora egin du Gasteizen euskarazko kultur ekoizpenak"

Euskarazko kulturgintza Gasteizen du izenburu hilaren 14an Euskaltzaindiaren egoitzan emango dudan hitzaldiak. Geu elkarteak gonbitea luzatu zidanean, zalantzak izan nituen, gai mardularen erradiografia nire esku uztea pisu arduratsua baita. Baina hamabost urte luze kazetari izanik, eta gaur egun arte eszenikoetan murgilduta egoteak zentzua ematen dio eskatzen zidaten esfortzuari. Sektorean murgilduta egoteak egoeraren berri izatea dakar, zeharka baino (albiste eta datuetatik harago) sakonetik (sortzaile, eragile izatetik).

Lehen kontsulta baten gisara pazientea artatzen den moduan, lerrootan Gasteizen euskaraz egiten den kulturaren osasunari buruzko errebisioari ekingo diogu. Diagnosiari heltzeko honako adierazleak hartu ditut kontuan: batetik, estatistikoak, eta, bestetik, kulturaren baitan, eta alde (bizimodu apustua den heinean), lanean dauden hiriko erreferenteen testigantzak.

Euskara Sustatzeko Ekintza Plana kontuan, hizkuntza gaitasunari dagokionez Gasteizen euskaldunak %28,9 dira; %16,3 euskaldun hartzaileak dira (euskara ulertzen dute, nahiz eta hitz egiteko gai ez izan), eta %54,8 erdaldunak dira. Lautik bat euskalduna da. Euskararen erabilerak gure hiriko kaleetan  azken hamar urteetan gora egin du ere, 2011n %2,5, eta 2021ean %4,1. Euskarazko kulturaren kontsumoa baxua da, ordea; kultur ohitura ahulak daudela adierazi zuen 2008an Elkar eta Siadeco elkartearen inkesta batek. Adibidetzat, %25ak dio euskarazko liburuak irakurtzen dituela, erdarazkoak %67ak. Antzerkian ere bada aldea: %25ak erdaraz, %13ak euskaraz.

"Instituzioen babes falta eta euskaraz programatzeko orduan desoreka agerian geratu da jasotako iritzien artean"

Gasteizen kultur eragile eta sortzaile euskaldunak eta euskaraz ekoizten dutenak badira, azken urteetan euskarazko ekoizpenean gorakada egon dela esan daiteke literaturan, musikan, ikus-entzunekoetan, bertsolaritzan, kontalaritzan eta arte eszenikoetan. Erreferenterik ez zait falta izan testigantzak jasotzeko orduan, eta hirian ekoizpen aberatsa, duina eta militantea dagoela agerian geratu da. Hala ere, ekoizpena egon arren, lan baldintza prekarioak, instituzioen babes falta eta euskaraz programatzeko orduan desoreka agerian geratu da jasotakoetan. Besteak beste, euskarazko kultur jardueretara gazteak erakartzeko amuaren beharra sumatzen da, instituzioen benetako apustua kolokan jarri dute, kulturaren errentagarritasun ekonomiko eskasak dakarren interes falta... Eta, aldiz, erronkak ikusarazi dituzte: euskarazko kulturaren balioa mahai gainean jartzea. (Behingoz!)

Jakina, hauek ez dira jasotako ondorio bakarrak, bada zer mamitu, esperientziak datuetatik harago doazelako eta anitzak direlako. Horregatik, jaso ezazu irakurle gonbidapena asteartean gurekin bidaia egiteko. Elkarrekin arraun. Itsagargia ez zaigu faltako. Bat baino gehiago izan ditut nik analisi hau argitzeko orduan. Esker mila Itziar Rekalde, Oihane Perea, Paula Amilburu, Jone Bengoa, Ane Gebara, Iñaki Lazkano, Aitor Vinagret, Iker Arroniz, Jabolo Sagastume, Garazi Lopez de Armentia eta Karmele Jaiori. A! Osasun diagnostikoa, berriz: pazienteak biziraungo du.

Josune Velez de Mendizabal.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide