El Pilar

Belaunaldi berria saretzeko, formula bila

Anakoz Amenabar 2023ko urr. 12a, 08:00

Argazki zaharren erakusketa ikus daiteke egunotan auzoko gizarte etxean. Argazkia: Pilar gizarte etxea

El Pilar auzoak jaiak ospatuko ditu asteburu honetan, eta, horrekin batera, 60 urte bete dituela gogoratzeko bizilagunek antolatutako ekitaldi sortari amaiera emango diote. Transformazio betean, belaunaldi zaharrak zaindu eta berriak jasotzeko erronka du aurretik.

Sei hamarkada bete ditu Gasteizko El Pilar auzoak, eta, maiatzaz geroztik, gizarte, kultura eta kirol jardueren egitarau berezia prestatu du bertako eragileen sareak urtebetetzea ospatzeko. Ekitaldiokin, komunitatearen lana nabarmendu nahi dute, eta, aldi berean, formula berriekin biziberritu. Auzoko jaiekin batera emango diote amaiera berezia ospakizunei, asteburu honetan, baina elkarlanean hartutako bultzada baliatu nahi dute aurrerantzean ere lanean jarraitzeko.

Sarea indartzeko aukera aproposa izan da urtemuga, bertako kide eta gizarte etxeko langile Ana Ruiz de Apodacaren arabera. Besteak beste, Francisco de Vitoria BHI, Luis Elejalde, Divino Maestro eta hauen guraso elkarteak, Puerto Rico zentro okupazionala, Prestaturik, Basket Araba, Rak Nuua Muay Thai kluba, Bizan eta Habana osasun zentroa elkartu dira, gizarte etxearekin batera. "Eragileen taldea handia zen, baina horri bultzada bat nola eman pentsatzen hasi ginen iaz, eta urtemugaren proposamena laster zabaldu genuen kide guztien artean; parte hartze zabala izan da, sarean ez zeuden hainbatekin batera ere".

"Parte hartze zabala izan da sarean urtebetetzea antolatzeko, eta eragile berriak ere batu dira"

Ana Ruiz de Apodaca, El Pilar gizarte etxeko langilea

Berehala hasi ziren lanean. El Pilarren irudi den satorraren logoa diseinatu zuen auzoko Antonio Pululu artistak, ikastetxeekin elkarlanean, eta horma irudia ere egin zuten Saioa Garcia La Omega eta Diego Berruete Sinpak, 1974an auzoan gertatu zen istripua gogoan. Bi lagun hil eta 30 zauritu baino gehiago utzi zituen propanoa zeraman kamioi baten leherketak, egunera arte arrastoa utzi duen gertakariak; gertutik istripua ezagutu zutenekin elkartu dira sareko kideak eta lekukotasun horiek jaso dituzte belaunaldi berrientzako ondare; dagoeneko entzun daitezke horiek horma-irudian paratu duten QR kodea jarraituz, eta hurrengo urterako gertakariaren inguruko bideoa ere prestatzen ari dira.Elizan, gainera, beste horma irudi bat egiteko asmoa dute, auzoaren aniztasuna eta etorkizuna irudikatuko duena.

 

Konstituzio plaza, eraiki aurretik, 1979an. Argazkia: Gasteizko Udal Artxiboa.

Auzoak urteotan bizi izandako eraldaketaren lagin txiki bat da, bestalde, egunotan gizarte etxean ikus daitekeen argazki erakusketa. Auzokideen laguntzarekin osatutako bilduma igandera arte ikusi ahal izango da. "Oso adierazgarria da Divino Maestro ikastetxeko argazki bat, garai bateko ikasle talde zuri baten argazkia, eta oraingo jatorri ezberdinetako lagunena alboan jarrita, kolore guztietakoa", gogoratu du Ruiz de Apodacak. Komunitatea aldatu egin da urteekin, komertzioak aldatu diren moduan. Auzoaren historiaren eraldaketaren erakusle argia dira komertzioak, eta hauetan jasotako lekukotasunekin bideoa prestatu dute eta ostiral honetan bertan aurkeztuko dute. "Dendariak oso garrantzitsuak dira auzoa auzo izango bada, eta haiei indar berezia eman nahi diegu hurrengo urteetan ere; askotan ahaztu egiten ditugu, eta lan handia egiten dute, auzoaren antena oso garrantzitsua dira".

"Auzoa biziberritzeko plana"

Pandemiaz geroztik, komertzio txiki ugari galdu direla dio Zuriñe Rodriguez auzokideak, eta horiek berpizteko plan bat beharrezkoa dela. "Bere egituragatik bada auzo bat bizitza izateko gaitasuna duena, baina azkenaldian sumatu dut ez duela bizitasun handirik, alboan den Zaramagarekin konparatzen baldin badugu adibidez". Boulevard merkatalguneak, gainera, ez dio horri lagundu. "Halako munstro bat ondoan izanda, oso zaila da okindegi txiki bat izatea; horrek ere min egin dio komertzio txikiari". Zaramagak izan duen biziberritze egitasmoaren antzerako bat El Pilarren ere abiatzea beharrezkoa dela uste du. "Azpiegitura aldetik, gainera, gabezia asko daude, eta etxebizitza asko berriztatzea beharrezkoa da". Errentadunen auzoa dela esan du Rodriguezek, eta hori ere kontuan hartzekoa da. "Ez da El Pilarreko kontua soilik, baina bada auzo honen ezaugarrietako bat; alokairu ugari dago, auzoko jabeak ez dira auzoan bizi, eta hori nabari da".

Imanol Larzabalen kontzertua, Luis Elejalde ikastetxean. Argazkia: Gasteizko Udal Artxiboa

Historikoki migranteen auzoa izan da El Pilar, eta belaunaldi berri bat sartzen ari da orain. "Izugarrizko aldaketa prozesuan dago auzoa. Nik bost urte daramatzat, eta azken hiru urteetan nire atarian lau bizilagun hil dira eta lau berri etorri; aldaketa sumatzen da. Espainiako migranteen auzoa izatetik migrante komunitate berri handiago batera igarotzen ari da, eta, beraz, migrante auzoaren identitatea mantendu egin da, eta hori oso positiboa da", gogoratu du Rodriguezek. "Norantza jotzen duen izango da hurrengo urteetako erronka".

Bakardadea

Edadetu ugari ditu El Pilarrek, inguruko auzoetan baino gehiago, eta hori ere bada erronka gaur egun, Angel Meson Gure Auzune auzokideen elkarteko presidentearen esanetan. "Hainbat urte daramagu nagusiei begirako programa batekin, modu integralean euren bizitza osasuntsua lantzen duena, garapen pertsonalaren eta sozialaren bitartez, eta bakardadea da egun gai garrantzitsuetako bat". Eragile sarearen bitartez, zenbait arlotako profesional talde batek esku-hartze koordinatua eskaintzen du hainbat alorretan: dietetika eta elikadura, jarduera fisikoa, zaintza, kultura... Edadetuengan detektatutako arazo zehatzei erantzuna ematen diete. "Habana anbulatorioaren bitartez antzematen ditugu hainbat, horietako asko ez doazelako gaitz fisiko batengatik; norbaitekin egotera doaz, solaskide bila". Horri begira, urtean zehar hainbat jarduera antolatzen dituztela azaldu du Mesonek, edadetuak kalera atera daitezen eta hurrengo ekintzetan ere parte hartzen jarrai dezaten.

"Izugarrizko transformazio prozesuan dago auzoa. Norantza joko duen da erronka"

Zuriñe Rodriguez, auzokidea

 

Auzoko jaiak ospatuko dituzte hurrengo egunetan, eta horiek ere edadetuak elkartu eta "bakardadea albo batera uzteko aukera" izan behar direla uste du Gure Auzuneko presidenteak. Besteak beste, auzoko gastronomia txokoek marmitakoa prestatuko dute, Joselu Anaiak taldeak kontzertua eskainiko du, eta eskulangileen azoka ere paratuko dute. "Nobedade modura, aurten, hip hop jaialdi bat izango dugu. Gazte eta helduentzako moduko egitaraua izango da, espero dezagun denok gozatzea". Bad Sound Systemen kontzertua, Aramangelu fanfarrea, eta Gure Auzune futbol taldeak antolatutako saria ere izango dira asteburuan zehar.

El Pilar parrokiaren bedeinkapena, 1973an. Argazkia: Gasteizko Udal Artxiboa

"Tamalez, gure atzetik ez da belaunaldi berririk elkartean, gustatuko litzaiguke gazteak batzea"

Angel Meson, Gure Auzune elkarteko eleduna

Jaiak igaro ostean ere, belaunaldi zaharrak zaindu eta iritsi berriak barneratzeko, norbera bere esparrutik, "sarea indartzea" beharrezkoa dela uste dute Ana Ruiz de Apodacak, Zuriñe Rodriguezek eta Angel Mesonek. Orain artekoak sendotu eta eragile berri batzuk ere batzeko proposamena egin dute, besteak beste, Rogelia de Alvaro elkarteen etxean batzen diren elkarteekin. "Auzokoak ez izan arren, auzoarentzat oso aberatsak izan daitezkeen elkarteak daude bertan – GEU elkartea, Kolonbia-Euskadi, Gaden, Bizikleteroak, Amapase Arabako gurasoen bananduen elkartea...–, eta uste dut interesgarria izan daitekeela elkarte horiekin bestelako lotura bat bilatzea, bere lan bulegoa izateaz gainera, auzoan ere barneratzea", nabarmendu du Rodriguezek. Gure Auzune elkartearen bitartez izan daiteke horretarako aukera, esate baterako, Mesonek gogoratu moduan: "Tamalez, gure atzetik ez da belaunaldi berririk elkartean, eta gustatuko litzaiguke gazteak ere batzea, bestelako proposamenak". Eta gizarte etxean ere bada aukerarik, Ruiz de Apodacak aipatu bezala, sare osoa batzen duen erdiguneetako batean: "Gizarte etxean mugimendu handia ikusten dugu egunero, zahar eta gazte ugari, horiek saretzen jarraitu behar dugu".

Erlazionatuak

"Plan berezi bat behar du auzoak"

Anakoz Amenabar 2023 urr 12 Gasteiz

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide