Gasteizko Maratoi Erdia abenduaren 17an izango da

Erredakzioa 2023ko urr. 10a, 18:30
Probaren aurreko edizio bat, Gasteiz Hiribidean. Argazkia: mediamaratonvitoriagasteiz.com

2.000 korrikalari baino gehiago bilduko ditu aurten Gasteizko Maratoi Erdiaren 45. edizioak. Edizio guztietan parte hartu duten bost atletak omenduko dituzte.

Abenduaren 17an, igandean, Arabako hiriburuko kaleetara itzuliko da Gasteizko Maratoi Erdia. Gainera, orain arte lasterketaren edizio guztietan parte hartu duten bost atletei —Txetxu Ruiz de Arkaute, Manu Arguijo, Jose Antonio Najera, Iñaki Marañon eta Juanjo Galdos— omenaldia egingo diete aurten, aitortza berezi batekin.

Arabako Txapelketa ere izango den 45. edizio honetan, 2.000 partaide baino gehiago bildu nahi ditu Arabako Atletismo Federazioak, eta izena emateko epea zabalik da dagoeneko www.mediamaratonvitoriagasteiz.com webgunean.

21,097 kilometroko ibilbidea 10:30ean abiatuko da Lasarteko Atetik, eta helmuga Amadeo Garcia de Salazar plazan izango da. Ibilbidea aurreko edizioko berbera izango da, eta lasterkariek bi ordu eta 30 minutuko muga izango dute amaitzeko.

"Beren taldearekin, lagunekin eta senideekin batera beste lurralde batzuetatik bidaiatzen duten pertsonen parte-hartzeak gure hirian inpaktu handia du, turismoari eta ekonomiari dagokionez", azpimarratu du Ana Lopez de Uralde Kirol zinegotziak. Halaber, "gure hiriko eta beste lurralde batzuetako kirolariak" animatu nahi izan ditu "hiria bisitatzera eta 2.000 izen-emateen marka gainditzen laguntzera".

Gainera, txikiek ere haientzat bereziki antolatutako modalitatean parte hartzeko aukera izango dute. Lasterketa txikiko izen-emateekin bildutako dirua helburu sozial batera bideratuko dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide