Atxilotu bat Alaves-Betis partidaren aurreko istiluengatik

Erredakzioa 2023ko urr. 9a, 09:50

Alaves eta Betiseko jarraitzaileen arteko liskarra jazo da igande honetan San Martin auzoko taberna batean, bi taldeen arteko partidaren aurretik. Ertzaintzak 31 urteko gizonezko bat atxilotu du, agintaritzaren agentearen aurkako atentatua egotzita.

Igande honetan, 18:30ean, Alaves eta Betis taldeen arteko partida jokatu da Mendizorrotzean, 1-1 emaitzarekin berdinduta. Hala ere, zeresan handiagoa eman du estadiotik kanpo goizean gertatutakoak.

11:40ak aldera, istiluak hasi dira San Martin auzoko Abendaño kaleko City Hall tabernan, dozenaka kaputxadunek terrazan bilduta zegoen Betiseko ultra talde bati eraso egin diotenean. Besteak beste, aulkiak eta mahaiak jaurti dizkiete Betiseko jarraitzaileei, baita su-itzalgailu bat hustu ere; erasoaren ostean, kaputxadunek ihesari ekin diote.

Liskarraren ondorioz, hainbat pertsona zauritu dira; horietako hiru osasun zentro batera eraman behar izan dituzte, eta beste batzuk tokian bertan artatu dituzte larrialdi zerbitzuek. Horrez gain, ostalaritza lokalean kalteak eragin dituzte.

Segurtasun Sailak ohar batean azaldu duenez, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren patruilak bertaratu direnean, egoera normaldu egin da, inplikatutako pertsona gehienak sakabanatu egin baitira. Borrokaren ostean, ertzainek Betiseko ultrak hiriko irteeraraino eskoltatu ditu, eta ez die Mendizorrotza futbol zelaira sartzen utzi.

Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu du agintaritzaren agentearen aurkako atentatua egotzita, eta gutxienez labana bat konfiskatu dute. Bestalde, gertatutakoa argitzeko ikerketa abiatu du Ertzaintzak, eta hainbat pertsona identifikatu ditu.

Bideoa: Whatsapp bidez birbidalitakoa

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide