Udazkenean hasiko dituzte Herrandarren kalea berritzeko lanak

Erredakzioa 2023ko abu. 8a, 12:24

Lanak egiteko epea 20 hilabetekoa izango da. Irudia: Gasteizko Udala

Lanek 12 milioi euroko kostua izango dute, eta 20 hilabete iraungo dute

Gasteizko Herrandarren kalean lanak egiteko kontratua esleituta, Yarritu SA enpresari, udazkenean hasiko dituzte obrak. Lehen fasea Jose Mardones eta Estenaga Apezpikuaren kaleen artean izango da; lanek 12 milioi euroko kostua izango dute, eta 20 hilabete iraungo dute.

"Berdegune gehiago, zarata gutxiago, atseden hartzeko eta adingabeek jolas egin ahal izateko espazio gehiago nahi ditugu. Gaur egungo asfaltoaren irudi gris hori aldatu eta irudi atseginagoa, berdeagoa eta osasungarriagoa lortu nahi dugu. Pertsonentzako espazioa handituko dugu. Hala, bizi-kalitatea eta ongizatea hobetuko ditugu", adierazi du Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotzi eta alkateordeak, Beatriz Artolazabalek.

Erreformaren proposamenak espazio publiko berri bat eskainiko du. Izaera berdea duen bide baten bitartez sartuko da natura bertan, eta parke lineal moduko bat sortuko du, oinezkoentzako espazio handiekin eta haurrek jolasteko eremuekin. Eremu horiek pergolak izango dituzte haurrak babesteko. Jolaserako eremuetan landarez, altzifrez eta iturburu gisa funtzionatuko duten hornitzailez inguratutako urmaelak egongo dira. Hiru eremu pergolekin estalita egongo dira eta ura urmaeletara bideratuko dute. Beste biak inguruko zuhaitzen itzalpean egongo dira. Urmaelak lotuta egongo dira kanal baten bidez, eta ur-jauzi txiki baten bitartez isuriko ditu urak azken urmaelera. Urmael bakoitzak hainbat iturri izango ditu ingurua girotzeko.

Zelai berde handi bat egongo da, eta egungo konifero handiek zein landatuko diren berriek osatuko dute pasealeku nagusia. Bertan jolastu eta atseden hartu ahal izango da. Proiektuan sortutako beste bi berdeguneekin batera, Artiumeko aire zabaleko erakusketa eremu gisa funtzionatzea proposatu dute. "Oinezkoen mugikortasuna nabarmen hobetuko da ardatz osoan zehar, espaloi osagarri zabalak izango baitira, hainbat hiri-altzarirekin. Bizikleten mugikortasunak, bestalde, hobera egingo du, motordun trafikotik bereizitako bidegorri berria egingo baita".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide