Faxismoaren aurrean elkar zaintza aldarrikatu dute LGTBIQ+ Harrotasunaren Egunean

Mikel Buruaga 2023ko eka. 28a, 20:15

Zaindu dezagun elkar faxismoaren kontra! lelopean E28 Koordinadorak antolatutako bi asteko egitarauaren hitzordu nagusia izan da ekainaren 28ko Gasteizko manifestazioa.

Urtero bezala, aurten ere indarrak batu ditu Arabako LGTBIQ+ mugimenduak ekainaren 28an kaleak hartu eta sexu-genero disidentziaren harrotasuna aldarrikatzeko.

E28 Koordinadoraren barruan, EHGAM Gorbeialdea, Miaukatuz Kirol Kluba, Lumagorri Heterosexismoaren Aurkako Taldea, Zirriborroak Kultur Elkartea, Gasteizko Bilgune Feminista, Zokorrak eta Orbain Kultur Elkartea elkartu dira aurten, ekainaren 19tik 30era bitartean egitarau oparoa antolatzeko. Ekainaren 28aren atarian, besteak beste, boleiboleko ate irekien eguna, dokumentalen eta film laburren proiekzioa eta sexu askapen topaketak antolatu dituzte Gasteizen eta Gorbeialdean.

Hitzordu nagusia asteazkenean izan da, ekainaren 28an, LGTBIQ+ Harrotasunaren Egunean: 19:00etan abiatu da manifestazio nagusia, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazatik. Zaindu dezagun elkar faxismoaren kontra! leloa aukeratu dute aurten, hauteskunde giroan alderdi ultraeskuindarren eta gorroto diskurtsoen gorakadaren aurrean elkar zaintza aldarrikatzeko.

Zine-foruma, hitzaldia eta jaialdia

Gainera, aste honetan ere, antolatutako egitarauarekin jarraituko dute. Ostegunean, hilaren 29an, Zokorrak taldeak Albina Stardust-en Drag is everywhere hitzaldia eskainiko du Agurainen, 19:00etan Manu Yanke lokalean.

Azkenik, ekainaren 30ean, ostiralean, bi hitzordu izango dira. Alde batetik, Zirriborroak Kultur Elkarteak Ama, gay agendak marrazki bizidunak izorratu dizkit hitzaldia eskainiko du, 18:00etan Ikusguneren egoitzan, Pintore kalean. Bestetik, Zokorrak taldeak hainbat jarduera antolatu ditu Agurainen: 19:00etan elkarretaratzea San Juan plazan; 19:30ean trikipoteoa; 21:00etan merienda eta afaria Santa Maria plazan; eta 22:30etik aurrera, jaialdia Latsarri Gaztetxean, Las Maris DJen eskutik.

EGITARAUA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide