Ongi etorri beroa Boiseko Oinkari euskal dantza taldeari

Erredakzioa 2023ko eka. 28a, 09:00

Boisetik (Idaho, AEB) iritsita, Euskal Herri osoan zehar bira egiten ari da Oinkari Basque Dancers taldea aste honetan. Gasteizko Udalak harrera egin die dantzariei.

1960. urtean, AEBetako Idaho estatuko Boise hiriburuan, Oinkari Basque Dancers euskal dantzen konpainia sortu zen. Urte hartan Boiseko gazte talde batek Euskal Herrira egindako bisitaren ondoren sortu zuten. Izan ere, izen bereko dantza talde batekin izan ziren, eta, Boisera itzultzean, konpainia bat sortzea erabaki zuten. Urte bereko abenduan egin zuten debuta, Idahoko hiriburuko Sheepherder's Ball klasikoan. AEBetako euskal komunitatearen baitan finkatutako taldea da, baita Euskal Erakundeen Ipar Amerikako Federazioko kidea ere.

Egunotan, Euskal Herrira iritsi dira bisita eta bira ofiziala egitera, beren azken ikuskizuna erakusteko. Ekainaren 23an, San Joan bezperan, Donostian izan ziren, eta Konstituzio Plazan dantza egin zuten, Goizaldi taldearekin batera. Larunbatetik astelehenera bitartean Tolosa, Iruñea eta Donibane Lohizunetik igaro ostean, astearte honetan iritsi dira Gasteizera. Datozen egunetan, Bizkaiko hainbat herri, Lekeitio eta Galdakao bisitatuko dituzte.

Gasteizko bisitan bi hitzordu izan dituzte: goizean, Iñigo Urkullu lehendakariak egin die harrera; arratsaldean, berriz, Gasteizko lehen alkateorde Beatriz Artolazabalek eman die ongietorria, udaletxeko harrera aretoan, udal taldeetako ordezkariekin batera. Harrera ofizialaren ondoren, 18:30ean, Oinkariko dantzariek dantza erakustaldia eskaini dute Plaza Berrian.

Emanaldia ordubetekoa izan da. Dantzariez gain, Teresa Franzoia (akordeoia eta txistua), Josey Haas (perkusioa), Alex Gray (panderoa) eta Mitch Murgoitio (txistua) aritu dira. Taldea osatzen duten guztiek euskal jatorria dute; batzuek euskaraz hitz egiten dute eta gainerakoak ikasten ari dira.

"Hemen zuen etxean zaudete"

Artolazabalek, bere lehen ekitaldi ofizialean, eskerrak eman dizkie "milaka kilometrotara euskal kultura mantentzeko egiten duten lan bikaina" dela eta, eta etorkizuneko belaunaldien artean ere "lur honekiko maitasuna transmititzen jarraitzera" animatu ditu. Gainera, Gasteiz eta Boiseren arteko harremanak estutzen jarraitzeko desioa adierazi du.

1987. urtetik, Jaialdi egitasmoa antolatzen dute Boisen, bost urtean behin. Euskal Herritik kanpo egiten den munduko euskal jaialdirik handiena da, eta mundu osoko milaka euskaltzale biltzen ditu. "Hau beti izango da zuen etxea. Hemen topatuko gaituzue harremanak estutzeko, komunitatea eratzeko eta zuen partaidetza sentimendua indartzeko. Oso harro gaude gure kultura munduan kokatzeko egiten duzuen lanaz", adierazi du Artolazabalek.

Azkenik, egonaldi zoriontsua opa die alkateordeak: "Zuen etxera, Boisera, joaten garenean, beso zabalik jasotzen gaituzue. Maitasun osoa adierazten diguzue. Oraingoan, bisitan joaten garen euskaldunoi egiten diguzuen harrera bero hori itzuli nahi dizuegu. Ez ahaztu hemen zuen etxean zaudetela".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide