Haurrentzako aisialdian euskara bermatzea exijitu dute

Erredakzioa 2023ko eka. 13a, 18:00

Gasteizko dozenaka familiak, hemezortzi ikastetxe eta guraso elkarteren izenean, haurrek erakunde publikoen eskutik aisialdirako eskaintza euskalduna jasotzeko eskubidea aldarrikatu dute, Hizkuntz Eskubideen Behatokiarekin batera.

Hemezortzi ikastetxetako guraso elkartek bat egin dute adierazpena, eta, horrez gain, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak babesa eman dio familien eskakizunari, eta "Euskal Herriko luze zabalean orokortua" dagoen arazoa dela ohartarazi du; Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak ere prentsaurrekoan parte hartu du.

"Azken urteetan, sekulako ahaleginak eta lanak egin dira gure hiria euskalduntzeko. Euskararen ezagutzak Araban izan du hazkunderik handiena, eta erabilera datuetan ere eragina izan du horrek; Gasteiz da Euskal Herri mailan euskara gehien entzuten den bigarren hiriburua, Donostiaren atzetik", aldarrikatu dute familiek, bide horretan guraso elkarteek egindako lana goraipatuz.

Baina "ahalegin humano handiaren" aurrean, askotan, "baliabideak urriak" direla kritikatu dute. "Egiten duguna nahikoa ez dela jakinik, instituzioek duten ardura azaleratu nahi dugu. Gure seme-alaben eskolaz kanpoko aisialdia euskalduna izan dadin, ardurak azken muturreraino eraman ditzaten eskatu nahi dugu, are gehiago ekintza horiek ordainpekoak direnean", exijitu dute.

Finean, instituzioek gidatutako zein ordainpeko ekintza guztietan euskara bermatua ikusi nahi dute familiek.

 

Euskara, eskola eremuaz harago

Gasteizko haurren aisialdia euskaraz izatearen garrantzia azpimarratu dute prentsaurrekoan: "Eremu ez formalean ematen den sozializazioa euskaraz izatea kohesio elementu indartsua da, ikasleen aniztasunari erreparatuz. Euskarazko aisialdiak ardatza izan behar du esparru ez formaletan euskararen erabilera bermatzeko".

Hain zuzen ere, Gasteizko ikasleen %94,1 D eta B ereduetan matrikulatuta dagoela jakinda, "aisialdiko ekintzek eskoletako hizkuntza trataerekin koherentzia izatea" defendatu dute familiek.

"Egun euskara ezagutzen ez duten pertsonak izateak ezin du gaztetxoek espazio guztietan euskaraz bizitzeko duten eskubidea mugatu edo zokoratu. Eskola eremuaz harago, etorkizunean jendarte justu eta berdinzaleago bat eraikitzeko, administrazio publikoetatik bermatu beharreko neurria dugu", aldarrikatu du Gaubeka Behatokiko zuzendariak.

"Euskaraz eginez gozatzeko baldintzak"

Lehenik eta behin, aisialdiko ekintzetan seme-alabek "euskaraz eginez gozatzeko baldintzak" sortzeko beharrezko neurriak hartzea exijitu dute, modu horretan euren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta betearazteko.

Salatu dutenez, "behin eta berriz" gizarte etxeetan euskaraz iragarritako jarduera asko baldintzatu egiten dira, edo, nagusiki, gaztelaniaz egitera pasatzen dira; eta egoera horren aurrean euskara bermatzea galdegin dute: "Horretarako, ekintzen gidariak ahalduntzea eta prestatzea beharrezkoa da, jardueretan sortzen diren hizkuntza egoerak euskararen alde bideratzeko. Izan ere, euskarazko programaturiko ekintza izan arren, praktikan euskara tokirik gabe geratzen baita askotan, tamalez".

Aldundiaren edo Udalaren parte diren gainerako erakundeetan ere antzeko egoera salatu dute, eta euskarazko ekintzak eskaintzea eta bermatzea eskatu dute; besteak beste, Musika Eskolan, Arte eta Lanbide Eskolan edo Artium Museoan. Hauteskunde giro betean atera dira plazara, beren aldarrikapenak aintzat har ditzaten.

Atxikimenduak

Hona hemen Gasteizko aisialdia euskaraz nahi dugu ekimenarekin bat egin duten guraso elkarte eta ikastetxeak:

  • Eguzkilorea – Lakuabizkarra
  • Ikasberri – Adurtza
  • Aldaiaberri – Aldaialde
  • Basartea – Ramon Bajo
  • Ibaikide – Ibaiondo
  • Aintzira – Salburua
  • Mariturri – Mariturri
  • Leku-Eder – Tokieder
  • Abendaño
  • Luis Elejalde – Rogelia de Alvaro
  • Amezti Txiki – Zabalgana
  • Zokozorri – Odon de Apraiz
  • Umandi – Umandi
  • Oihan – Arantzabela
  • Errekabarri Eguzkia – Errekabarri
  • Izartegia – Angel Ganivet
  • Armentxo – Armentia Ikastola
  • Olabide

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide