Eragiteko janzten

Zein da euskararen egoera ingurune digitalean?

Erredakzioa 2023ko mar. 22a, 10:30

Eragiteko Janzten jardunaldien aurtengo lehen saioa. / ALEA

Martxoaren 28an, 18:30ean Montehermoso Kulturunean, aurtengo Eragiteko janzten jardunaldien laugarren saioa izango da. Oraingoan, ingurune digitalean euskarak duen presentzia izango da aztergai.

"Kaixo!

Gasteizko Montehermoso Kultur Gunean martxoaren 28an ospatuko den Eragiteko Janzten hitzaldi ziklorako gonbidapena ongi etorria da.

Hitzaldia arratsaldeko 6etatik aurrera izango da, eta sarrera doakoa izango da, baina aurrez egin beharko duzu bertara joateko, baina horretarako ez duzu ezer ordaintzea beharko.

Gainera, hitzaldi hau Eragiten "Erakusketa artea eta feminismoa" programaren barruan kokatuta dago. Hitzaldia hiru partetan banatuta egongo da, baina behin sarrerak bete direnean ez duzu sarrerarik jaso ahal izango.

Eskerrik asko eta espero dut gonbidapena onartuko duzula!"

Lerro hauetan jasotakoak Eragiteko janzten hitzaldi zikloaren laugarren saiorako gonbidapena izan beharko luke, eta hala egiteko eskatu diogu boladan dagoen ChatGPT adimen artifizialari. Izan ere, azken asteotan edozer gauza egiteko gai dela entzun dugu batean eta bestean. Itxuraz, euskaraz (ondo) egiteko eskatzea askotxo da momentuz. Hain zuzen, hori baita euskarak ingurune digitalean bizi duen egoera. Gauza asko eta ondo egiten dira, baina globalizazioak dena irensten duen itsaso horretan galtzeko arriskua ere badago.

Gogoeta horiek partekatu eta eztabaidagune bat sortzea bilatzen du Eragiteko janzten zikloko laugarren eta azken saio honek. Gai ugari izango dituzte hizlariek ahotan: ingurune digitalak azken urteotan izan duen bilakaera, egungo egoera, euskal hedabideen errealitatea, gazteen kontsumo ohiturak eta etorkizuneko erronkak, besteak beste.

Joxe Rojas Tokikom-eko komunikazio eta IKT arduraduna eta Josu Amezaga EHUko Gizarte Komunikazio Zientzietako Fakultateko irakaslea eta NOR ikerketa taldeko kidea izango dira argibideak emateko arduradunak. 

 

Eragiteko janzten jardunaldiak

Aurten berriz ospatzen ari da Eragiteko janzten, Arabagara, GEU elkartea, Lazarraga, ALEA eta Euskaltzaleen Topagunearen ekimenez. 2021ean jarri zuten hazia, eta, 2022an eragiten jarraitzeko asmoa berretsi ostean, aurten ere itzuli dira jardunaldiak. Gasteizko euskaltzaleen gogoetarako gune eta une bat da, esperientziak partekatu eta aberasten jarraitzeko.

Hirugarren edizio hau, otsaila eta martxoan zehar burutzen ari da, eta datorren martxoaren 28an ospatuko dena, aurtengo laugarren eta azken saioa izango da.

Saioen zein izen-ematearen inguruko xehetasun guztiak Euskaltzaleen Topagunearen webgunearen atal berezian aurki daitezke.

Erlazionatuak

Aisialdi euskalduna, jauziaren bila

Giuliana Preciado Cuero 2023 mar 02 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide