Txangoak Araban zehar, 55 urtetik gorakoentzat

Erredakzioa 2022ko abu. 28a, 06:00

Irailaren 13tik urriaren 20ra bitartea izango dira txangoak. / Alea

1.000 plaza eskainiko ditu udazkenean Gasteizko udalak Arabako bazter ezberdinetan txangoak egiteko.

Irailaren 13tik urriaren 20ra bitartean, naturaz gozatu eta paseoan aritzeko aukera izango dute 55 urtetik gorako gasteiztarrek. Aurreko edizioetan bezala, astearteetan eta ostegunetan izango dira paseoak eta ibilbideek 8 eta 14 kilometro arteko luzera izango dute eta zailtasunaren arabera sailkatuta daude. 

Proposatutako ibilbide ezberdinen artean, Arabako bazter ugari aurki daitezke: Albinako urtegitik gertu dauden mendiak, Guardiako urmaelak, Otzarretako pagadia edota Zalduondoko ehun urteko haritzen ibilbidea. 

Guztira, 1.000 plaza eskainiko dituzte, eta irailaren 1etik aurrera eman daiteke izena, gizarte etxeetan edota Gasteizko udaleko webgunean. Kirol-instalazioetako abonatuek 2,55 euro ordaindu beharko dute, eta abonatu gabeek 4,05 euro. Izen-ematea irekia da, baina gehienez 5 txangotan eman dezake izena parte-hartzaile bakoitzak.

Irteera-ordua 08:30ean da, eta itzulera-ordua 14:00etan. Paseoek barne hartzen dute garraio-zerbitzua hiriko hiru puntutatik (Judimendi gizarte etxean, Iparralde gizarte etxean eta Gasteiz hiribidea), eta gomendagarria da norberak bere janari zein edaria eramatea.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide