Jarduera sorta zabala

Juanma Gallego 2022ko eka. 24a, 06:00

Zaila da azken zortzi urteetan Oihaneder Euskararen Etxean izandako programazioa laburtzea. Hona hemen jarduera nabarmenenetako batzuk.


'Rockomikiak, binetak & doinuak'

📷 Oihaneder

Oihanederreko arduradunek estimu handian dute erakusketa hau, lehen ekimen handia izan zelako, eta "harrera itzela" izan zuelako. Bertatik 5.000 lagun inguru pasa ziren. Erakusketaz gain, ekintza osagarri andana abiatu zituzten. Besteak beste, tailerrak, hitzaldiak edota bisita gidatuak. Musikaren eta komikien berezko bizileku ziren taberna eta espazioak ekarri zituzten erakusketara, eta antolaketa lanetan TMEO, Sancho el Sabio Fundazioa eta Hala Bedi irratia izan zituzten bidelagun. 1980ko eta 1990eko hamarkadan musikaren, hitzen eta irudien bitartez sortu zen kulturaren gaineko bidaia izan zen, tartean, egungo gazteei erakusteko irudiak eta musika uztartuz "kultura bat garatu" daitekeela.


Hitz adina mintzo

📷 Oihaneder

Erromintxela, sorabiera, kriola, lakota, nasa yuwea, judu-espainiera, esperantoa, zeinu-hizkuntza... batzuk ezagunagoak dira; beste batzuek izen exotikoagoak dituzte. Modu batean edo bestean, hizkuntza andana daude munduan, baina gehien-gehienak gutxituak dira. Hizkuntza horietako lagin oparo bat ere igaro da Oihanederretik, munduan dagoen hizkuntz altxorraz jabetzeko. Batzuetan, hizkuntz horietan aditu direnak aritu dira azalpen lanetan. Besteetan, horietan hiztun direnak. Eta zenbaitetan, gainera, hiztun horiek zuzenean euskaraz eman dituzte beren hizkuntzen gaineko azalpenak. Sei ikasturtetan 42 hizkuntza gutxituren berri eman dute 63 hizlarik.


Eskilarapeko Soinuak

📷 Haizeatxo

Musikaren miraria da. Woodstocken edo Arrosan milaka lagunekin batera gozatu daiteke, baina baita giro intimoagoan ere: agertoki guztietan musikak garunean dopamina abiarazteko ahalmena du. Horretaz jakitun, eta "formatu txikiko kontzertu handiak" egin daitezkeela sinetsita, euskal musikari esanguratsuak eraman dituzte Oihanederrera. Besteak beste, Petti, Izaro, Jabier Muguruza, Maider, Sara Zozaya, Txuma Murugarren, Olatz Salvador,  Audience, Ane Zugaza, Xabi Bandini, Maite Larburu, Aneguria, Iker Lauroba, Don Inorrez, Maria Rivero, Iker Martinez, Kokein, Birkit, Aguxtin Alkhat, Ainhoa Larrañaga, Ekiza, Serge, KEU Agirretxea, Laize MC edota Abereh.


'SolasAlean'

📷 ALEA

Hedabide honekin egindako Solasalean zikloa ere izan da Oihanederrek izan dituen kolaborazioetako bat. Horren bitartez, zuzeneko elkarrizketa irekiak izan dira kultur, gizarte eta politika eragile askorekin. Ondoren, ALEAkideek ere aukera izan dute horien berri izateko, aldizkarira eta webgunera eraman baitira. Besteak beste, Juan Jose Ibarretxe, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Garbiñe Biurrun, Gorka Urbizu, Gemma Zabaleta edota Alberto Zerain egon dira. Zuzenekoa izan ez den bakarra Olentzerori eta Mari Domingiri egindako elkarrizketa izan da. Horretan, bien arteko harremana zehazki zein den argitu ahal izan zen: etxe desberdinetan bizi direla esan zuten, baina "auzolanean" ari omen dira.


'Batera', kultur proiektuak elkarrekin

📷 Gasteiz 1200

Gazteei zuzendutako kultur proiektuak garatzeko diru laguntza deialdia izan da Batera. Lau edizio egin dituzte, eta hamar proiektu gauzatu dira deialdiari esker. Ohi bezala, askotarikoak izan dira bultzatutako ekimenak, bi eskakizun besterik ez baitituzte egin: gaztea izatea eta euskarari lotutako proiektua garatzea. Crowdfunding edo diru bilketa kolaboratiboarekin osatu dituzte proiektuak. Besteak beste, diskoak, ikus-entzunezkoak, liburuak edo komikiak sortzen lagundu dute. Proiektu horietako batzuek, gainera, arlo bat baino gehiago jorratu dituzte, kulturaren malgutasunaren adierazle. Beste jardun askotan bezala, proiektuan Laboral Kutxaren eta Vital Fundazioaren laguntza izan dute.


'TopAraba', kultur saretzea

📷 Mamiak

Araba osoko euskaldunei bideratutako egitasmoa izan da TopAraba, "euskal kulturaren sormen esparrua sustatzea" helburu izan duena. Topaketa eta dirulaguntza deialdiak bi edizio izan ditu. Sortzaileen saretze lan honi esker, hainbat talde eta proposamen eratu dira: Mamiak kolektiboak Ogiak hizketan baleki lana aurrera eraman du; Beñat Goitiak eta Anne Baskaranek musika eta ikus-entzunezkoak uztartu dituzte Benniz proiektuan; Antzezmetraia bidez "taula gaineko sorkuntzatik, filmerainoko metodoa" garatu dute; azkenik, Eneko Etxebarrietak eta Miyuki Okabek Lehen Hezkuntzako haurrei zuzendutako Espazioa obra eszenikoa ontzeko aukera izan dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide