Martxoaren 8an "zapaltzen gaituen sistemari su" ematera deitu du mugimendu feministak

Erredakzioa 2022ko ots. 24a, 20:30

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren prentsaurrekoa, Iruñean. / Argazkia: #M8EuskalHerria

Emakumeen Nazioarteko Egunean, manifestazioak deitu ditu Euskal Herriko mugimendu feministak hiriburuetan: Gasteizen, 19:00etan irtengo da San Anton plazatik. Horrez gain, bestelako ekimenak eta mobilizazioak izango dira Araban zehar.

Euskal Herriko mugimendu feminista martxan da aurten ere Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, prestatzeko. Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra lelopean, manifestazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan eta Baionan.

Bi aste barruko asteartean, Gasteizko manifestazioa 19:00etan abiatuko da San Anton plazatik, urtero lez. Baina Arabako beste eskualde eta herrietan askotariko ekimenak eta mobilizazioak antolatuko dituzte tokian tokiko eragile feministek; deialdiak bildu eta datozen egunetan horien berri emango du ALEAk.

Gainera, aurtengo Martxoaren 8a prestatzeko asanblada informatiboak eta propoganda kedadak ari da egiten Gasteizko mugimendu feminista:

 

Sistemari "sua"

"Sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kapazitista kiskali" nahi du Euskal Herriko mugimendu feministak. "Jendartearen zati handienarentzat, eta bereziki emakumeontzat, kriminala eta jasanezina da. Sistema honi su eman nahi diogu, den-dena erraustu nahi dugu, bizitzea merezi duen mundu bat eraikitzeko", aldarrikatu dute gaur goizean Iruñean egindako prentsaurrekoan.

Egungo sistema hori iraultzeko bidea feminismoa dela iritzita, "kolektibotasunaren" beharra azpimarratu dute: "Ezinbestekoa da antola gaitezen. Jendarteak indibidualismorantz bultzatzen bagaitu ere, guk lan kolektiboaren aldeko apustua egiten dugu, gutasunetik lan egitekoa, auzo eta herrietako asanbladetan, kolektiboetan, lantokietan, lagun zein auzolagunekin. Urtez urte erakutsi baitugu elkarrekin geldiezinak garela".

 

Beste ekimenak

Euskal Herriko Mugimendu Feministak Gasteizen deitutako manifestazioaz eta datozen egunetan eskualde eta herrietan iragarriko diren beste deialdiez gain, badira Martxoaren 8ari begira bestelako ekimenak antolatzen ari diren kolektiboak:

Jardun

Jardun - Euskal Herri Langilearen Alternatibaren koordinadorak bi jardunaldi antolatu ditu Emakume langilea borrokan lelopean, "emakume langileen egungo eta iraganeko borroka esperientzietatik irakaspenak ateratzeko" helburuarekin. Ostegun honetan, otsailaren 24an, mahaingurua eta kontzertuak antolatuko dituzte Gasteizko Gaztetxean; larunbatean, berriz, Martxoaren 3ko borrokan emakumeak izandako paperaren inguruko bisita gidatua egingo dute.

 

Itaia

Bere aldetik, Emakume langileok askatzeko sozialismoa eraiki! lelopean, Gasteizko Itaia emakumeen antolakunde sozialistak hainbat asanblada informatibo eta eztabaida antolatu ditu otsailean zehar. Martxoaren 4an, ostiralean, asanblada eta afaria egingo dituzte Gasteizko Gaztetxean. Azkenik, martxoaren 8an, manifestazio propioa egingo dute, 18:30ean Andra Maria Zuriaren plazatik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide