Gure bazterrak

Itzuli da ur-emaria Zabalganera

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute/PHOT.OK 2021ko abe. 12a, 08:00

Azaroko azken asteburuko euriteei esker, Zabalganeko bizilagunek Perretxinen ibaiaren ibilgu biziaz gozatu ahal dute. Auzoaren eraikuntzak erreka xurgatu zuen, baina egun parke lineala du alboan. 

Dozenaka litro ur jaso ditu azken egun hauetan hiriburuak. Euri eta elur artean, metro koadroko ehun litro bota zituen azaroko azken asteburuan, Euskalmetek Abetxukun egindako erregistroen arabera. Urak arazo ugari eragin ditu herrialde osoan, eta aldi berean ohikoak ez diren irudiak utzi ditu. Hala, Gasteizko Zabalgana auzoan Perretxin errekak lehengoratutako ibilgua berreskuratu du eta auzoaren kale nagusietakoak zeharkatzen ikusteko aukera dute egunotan bizilagunek.

Ibilgua lehengoratzearekin batera berreskuratu zuen Perretxinek bere jatorrizko izena, orain dela gutxirarte Ali erreka bezala jasoa izan baita. Euskaltzaindiak Gasteizko toponimiari buruz argitaratu zuen bigarren liburuan jasotzen du egin beharreko zuzenketa: "Ibai horri, zalantzarik gabe, Perretxin deitzen zaio, eta, noizean behin, XX. mendeko lehen mailako mapa batzuetan Rio de Ali izendatzen da". Ehariko Batzar Administratiboak berak eta Zabalgana Batuz elkarteak Gasteizko Udalaren aurrean jatorrizko izendapena defendatu izan dute behin baino gehiagotan. "Zabalgana Batuzek beti defendatu du toponimia egokia erabili behar dela erreka eta errekaren bidezidorra izendatzeko. Hortaz, Perretxin deitu beharko litzaioke errekari eta ez Ali erreka, eta bidezidorrari ere Perretxin, ez Ali errekaren bidezidorra".

Berrostegietatik gertu, Gasteizko Mendien magalean jaio da Perretxin

Toponimiaren gorabeherak aparte utzita, Perretxin errekak badu berezko historia. Gasteizko Mendien magalean jaio da Perretxin, Berrostegietatik gertu, eta Zadorran amaitzen da. Armentiako zelaietatik igarotzen da, eta San Prudentzioren pasealekua gainditu ondoren, Jacinto Quincoces kalearen parean, lurpean sartzen da, Mahatma Gandhi kalearen izkinan, eta Zabalgana etorbidean berriro azaleratzen da. Zarauna errekak ere auzoaren mendebaldea zeharkatzen du, Perretxin errekarekin bat egin arte. Azken urtean, gainera, Gasteizko Udalak hainbat putzu sortu ditu Zaraunaren inguruan, arriskuan dagoen apo grisa babesteko, Zabalganean bizirik iraun baitzuen espezieak, nahiz eta auzo berria eraiki.

Hiriaren mendebaldearen hazkundeak xurgatu zituen erreka horiek, eta Zabalgana auzoa eraiki zutenean, haien egoera eta funtzionaltasuna hobetzeko, landaketak egin zituen Gasteizko Udalak ibilguan zehar eta inguruko  plazetan, lau kilometro inguruko parke lineal berri bat osatuz. 2011. urtean, gainera, prestatutako ibilguan ur-emaria hobetzeko eta berreskuratzeko obrak onartu zituzten. Izan ere, ordurarte euriteetatik zetorren ura hondarrekoekin nahasten zen autoen kontzesionarioen eta Antoniaren biribilgunearen parean.

Antoniaren benta

Hain zuzen Antoniarena da Gasteizko biribilgunerik handiena. 60ko hamarkadan eraiki zuten, eta XXI. mende honen hasieran 8.000 metro koadroko hiri-parke gisa eraberritu zuten. Gasteizko biribilgunerik handiena izateaz gainera, barrualdetik ibil daitekeen bakarra da. Antzina, Irun eta Madril lotzen dituen N-I errepidea hortik pasatzen zen. Biribilguneak Antonia benta zaharraren izena hartu zuen, Ortiz de Guzman kaletik gertu zegoen baserri batena hain zuzen. Gaztela kalea zabaldu zenean, baserria eraitsi egin zuten, eta baserriko horma bat apaintzen zuten freskoak berreskuratu eta Ribabellosara eraman zituzten. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide