Pazientziaz baino errespetuaz ari gara, Uriarte anderea

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Campo Gallastegi eta Miren Zumarraga Uribesalgo 2019ko ira. 28a, 07:01

Gasteizko Angel Ganivet ikastetxea.

"Badakigu beste hainbat ikastetxe publikotan antzeko egoerak sortzen ari direla"

Gasteizko Angel Ganivet ikastetxe publikoko Izartegia guraso elkarteko kideok aurtengo ikasturtea ilusioz hasi genuen, bertan emandako hobekuntzak eta inbertsioa kontuan hartuta, baita hezkuntza proiektu berriak martxan jarri zirela jakitean ere. 

Hala eta guztiz ere, Izartegi guraso elkartetik Ordezkagune plataforma abiatzeak sortutako egoera jasangaitzak salatu beharrean gaude. Plataforma honek irakasle ordezkoen izendapenak kudeatzen ditu, eta gaur gaurkoz (irailak 19) ez omen dugu konpontzeko biderik aurreikusten.

Haur Hezkuntzako hiru urteko gela batean, eta egokitzapen garaiko lehenengo lau egunetan zehar, zegoen hutsunea ikasketa buruak ordezkatu behar izan du (haurren ongizatea eta zaintza lehenetsiz), ez baitzioten plaza hori inori esleitu hilaren 13ra arte. Horren garrantzitsua den une honetan, umeei errespetua ematea aldarrikatzen dugu; familiei ere, haien lanekin batera egokitzapena uztartu egiten dutelako errespetua zor zaie. Eta nola ez, errespetua zor zaio ikastetxeko irakaslegoari, urte hasierako plangintza mimo eta profesionaltasun osoz egiten duenari, egokitzapen garai honetako den-dena ahal bezain hobekien gauzatzeko.

Horrez gain, hilaren 9an ikastetxeko irakasle bat gaixotu eta baja hartzeko beharrean egon zen. Gaur arte (hilaren 19a) hezkuntza delegazioak ez du pertsona hori ordezkatu. Hori dela eta, beste behin ere errespetua eskatzen dugu, langileen eskubideak bermatzea, haien lana eta umeen beharrei erantzuna emanez lehenengo momentutik.

Abuztuaren 28an bertako irakasle batek jardunaren heren bat murriztea eskatu arren, hezkuntzako delegazioak oraindik ez omen du inor bidali bere jarduna osatzeko, haien eskubideak zein umeen beharrei bizkarra emanez.

Beste irakasle batek hilaren 6tik darama beren jarduna murrizten ahalegintzen, baina delegaziotik ez dutenez plataforman alta ematen ezinezkoa bilakatu zaio tramite hori gauzatzea, familia eta lana uztartzeko eskubidea urratuz.

Ikastetxeko zuzendari taldea Ordezkagune plataformako arduradunarekin kontaktuan jarri ostean, Ikastetxetako Erabiltzailearen Laguntza Zentroaren arduradunarekin kontaktuan jartzeko esan omen zaie, bestelako erantzunik eman gabe.

Jakin badakigu beste hainbat ikastetxe publikotan antzeko egoerak sortzen ari direla, baina Kristina Uriarte anderearen erantzuna hauxe izan da: "Egoera hau ohikoa izaten da horrelako sistema telematikoen abiatzerakoan, hortaz pazientzia apur bat eskatzen dugu".

Bada Izartegi guraso elkartetik zera pentsatzen dugu, Uriarte anderea: "Ez gara pazientziaz ari, errespetuaz baizik".

Gorka Campo Gallastegi eta Miren Zumarraga Uribesalgo Ganivet ikastetxe publikoko IZARTEGIA guraso elkarteko lehendakaria eta lehendakari-ordea dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide