Kultura Saila Falerina lorategian jarduerak antolatzen hasi da, Udalaren asmoa baita Montehermosoko kafetegiaren emakida eta horren kudeaketa bereiztea. Izan ere, aurreko urtarrilean Montehermosoko taberna soilik esleituko duela erabaki zuen Udalak, Falerina lorategiaren erabilera zuzenean kudeatuz. Hala ere, tabernarekin kontratua 2016ko abuztuan bukatu bazen ere, egun enpresari berak jarraitzen du lan horretan.
Orain, Kultura Sailak maiatzetik urrira bitateko programazioren berri eman du, eta bi oinarri izango ditu: jarduerak adin orotakoei zuzenduak eta askotarikoak izatea (astegunetan zein asteburuetan) eta gehien bat eguerdian eta arratsaldean egitea, auzokoen atsedena errespetatzeko, hain zuzen ere, aurreko urteetako jarduerek kexak eragin baitituzte.
Hala, urrira bitartean ekitaldi ezberdinak hartuko ditu Falerinak, tartean, poesia errezitaldiak, kaleko ikuskizunak, magia, kontzertuak, jaietako jarduerak, eta Kaldearte, Magialdia eta Erdi Aroko azokarekin lotutakoak. Orobat, akuarela lantegiak, swing, lindy hop eta txalaparta klaseak eta proiekzioak eskainiko dituzte. Musika ere izango da: eguerdiko kontzertuak, hiriko konboak, eta Luis Aranburu musika eskolak lehen aldiz antolatutako Udaband musika udalekuen amaierako kontzertua, uztailean.