Aurreko ostiralean, 500 kilo kokaina atzeman zituen Guardia Zibilak Jundizen, drogaren kontrako operazio batean. Ez dute momentuz inor atxilotu, baina operazioa zabalik dago. Aurkitutako drogak 40 milioi euroko balioa edukiko luke merkatu beltzean.
Droga Jundizko industrialdean aparkatuta zegoen kamioi batean aurkitu zuen Guardia Zibilak. Kokaina industriarako urratzailea zeraman zakuen artean zegoen. Brasildik Bilboko Portura legalki ekarritako merkantziaren artean ezkutatu zuten droga, enpresa esportatzaileak eta inportatzaileak ezertxo ere jakin gabe. Metodo horri "galdutako gantxoa" deitzen zaio.