Hogeita bost urte dira lehenengo 40 umek Armentia ikastolako gelak hartu zituztela, 1992-93 ikasturtean. Auzolanari esker lortu zuten gurasoek Gasteizko ikastola martxan jartzea, eta kooperatibaren izaerari heldu diote urrats handiak egiteko. Agurne Barruso Armentiako zuzendariak nabarmendu du behin eskaintza pedagogikoa finkatu ostean, hiriko bizitzan gehiago inplikatu nahi dutela.
25 urteotako balantzea egiteko unea iritsi zaizue. Helburuak bete dituzue?
Armentia ikastolaren aldeko apustuari esker, une honetan 1.070 ikasle ditugu, eta gainera oraindik gure eskaintza bete barik dugu. Datorren ikasturtean batxilergoa jarriko dugu, eta horrela urte batetik hamazortzi urtera arteko eskaintza osatuko dugu. Helburuak eta aurreikuspen guztiak bete ditugu 25 urte hauetan.
Gasteizko errealitatean integratuta sentitzen zarete?
Armentia da Gasteizko ikastola bakarra. Ikastola esaten dugunean esan nahi dut Ikastolen Elkarteko ikastola; egia da gure bokazioa dela hiriko ikastola izatea, baina Hezkuntza sailak egin duen hiriaren mapak mugatu egiten gaitu, ikaslearen bizitokiaren arabera ezin delako ikastola honetara etorri, beraz hor badugu handicap bat gure bokazioa hiri osorako ikastola izatea delako. Nahiko genuke edozein gasteiztarrek nahi izanez gero hemen ikastea, baina une honetan hori ez da posible. Gainerako Arabako ikastolekin gure lurralde batzarrak ditugu eta elkarlanean aritzen gara.
Bereziki Argantzungo ikastolarekin?
Argantzungo ikastolak denon laguntza behar du aurrera ateratzeko, eta Armentiak harreman berezia du harekin.
Zeintzuk dira ikastolaren izaeraren ezaugarri nagusiak?
Ez dugu soilik euskara irakatsi nahi, baizik eta euskaratik ikasi, hori da gure ardatz nagusia. Horrekin batera gure prozesu guztia euskal curriculumean oinarrituta dago, eta, bestetik, kooperatiba izaera dugu, eta zentzu horretan ikastolaren etorkizunaren inguruan gurasoek eta langileek erabakitzen dute.
Batxilergoa eskainiko duzue hurrengo ikasturtean. Dena prest duzue?
Bi gela baimenduta ditugu. Gutxienez 36 ikasle, eta gehienez 70. DBHtik soilik bi gela datoz, beraz uste dugu tokia soberan egongo dela. Batxilergorako espazio bat egokitu behar izan dugu, proiektu metodologiko berria delako eta azpiegitura zehatz bat eskatzen duelako. Ikasturte honetan bete-betean ibili gara horretan, ekainerako amaitu nahi ditugu lanak, irailean dena prest izateko.
Proiektu metodologiko berria aipatu duzu. Zertan datza?
DBHn ari diren umeak proiektu metodologiko zehatz batean ari dira, ikaste-prozesuaren ardatza metodologia aktiboak dira, eta ez genuen nahi 4. DBH bukatzen dutenak metodologia horrekin haustea, eta batxilergo memoristiko bat ezarri. Urritik Huhezirekin gabiltza lanean metodologia aktiboetan oinarritutako batxilergo bat diseinatzen. Gainera aukera izan dugu Madril, Bartzelona eta beste toki batzuetako ikastetxeak ikusteko, eta garbi dugu hori dela eredua, eta hori dela etorkizuna.
Zer ezaugarri ditu ereduak?
Ikaslea jartzen da ikaste prozesuaren erdi-erdian, ez da irakasle orojakilearen lana memorizatzea eta azterketa batean botatzea; planteatzen dena da ikasle aktiboaren filosofia erabiltzea, proiektu bidezko metodologia bat. Dezente garatuta dago Lanbide Heziketan, lan munduak hala eskatzen duelako.
Zeintzuk dira Armentiaren erronka nagusiak?
Derrigorrezko hezkuntzan marko metodologiko berria finkatzea, eta batxilergoa martxan jartzea. Bestalde, ikastolak hezkuntza sistema eta gizartea eraldatu nahi ditu, eta azken urteetan, hazten egon garen bitartean, Armentia egon da bere buruari begira; orain Gasteizko bizitzan parte handiagoa izan nahi dugu, Gasteizko beste eragile bat izatea tokatzen zaigu.
Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 103. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen