Tenperatura freskoekin esnatu da San Prudentzio eguna Araban, udaberriko azken izotzaldia izan daitekeenaren itxaropenez. Hala ere, zerua garbi lagun, milaka eta milaka gasteiztar gerturatu dira goizeko lehen ordutik Armentiako baselizaren inguruko zelaietara. 10:30ean aurreikusita zegoen prozesioa santuarekin eta ondoren meza. Administrazio guztien ordezkari politiko nagusiek parte hartu dute ekitaldi erlijiosoetan; Iñigo Urkullu izan da salbuespena, beste ekitaldi instituzional batean egon behar baitzuen.
Ekitaldi erlijiosoaz gainera, giro nagusia postuetan, txosnetan eta talogileen txokoetan zegoen. Bertara jo dute gasteiztarrek eguneko paseoaren ostean gorputza berotzeko asmoz. Hartara, eguerdi partean ezinezkoa zen basilikaren inguruko kaleetatik mugitzea. Dantzarien emanaldiak eta herri kirolen erakustaldiak, betiko lez, publiko ugariren arreta piztu dute.
Elkartasunerako eta aldarrikapenerako tokia ere izan da San Prudentzio egunean. Izan ere, 11:00etan hamabost bat lagun abiatu dira bizikletaz Armentiatik Gernikara. Gerraren aurka, errefuxiatuen eta etorkinen eskubideen alde Gernikan larunbatean eta igandean Ongi Etorri Gernika 2017 ekimenaren harira egingo diren ekitaldietan parte hartuko dute txirrindulariek. Bertan, Euskal Herriko, Espainiako estatuko eta beste herrialde batzuetako lagunak bilduko dira, errefuxiatuen egoerari dagokionez bere "sumindura" eta "gaitzespena" adierazteko.
Bestetik, Artium museoan 13:00etan Arabako Urrezko Domina jaso du Juanjo Mena musikariak. Diputazioak ematen duen saririk garrantzitsuena ahaldun nagusia Ramiro Gonzalezek entregatu dio musikagileari.