Gasteizko Udalak Zumarrak eta tximeletak izeneko jarduera antolatu du larunbaterako, Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Atalaren eta IGIren bitartez. Zehazki, Zerynthiarekin tximeletak eta haien ingurunea babesteko ekintza izango da. Horretarako, zumardi txiki bat sortuko dute, w-zuria izeneko tximeleta bizirauten laguntzeko. Horretarako, grafiosiari erresistente diren 70 zumar hostotxiki landatuko dituzte parte-hartzaileek. Izan ere, tximeleta espezie horrek zumarren beharra du bizirik irauteko, eta grafiosia izeneko gaixotasunaren eraginez zumar ugari hil dira Iberiar penintsulan azken urteetan. Zumarren beharra du bizirik irauteko, bertatik jaten baitute haren beldarrek hazkuntza garai osoan.
Jarduera 10.30ean hasiko da, Salburuko hezeguneak interpretatzeko Ataria zentroan. Lehenengo, Zerynthia elkarteko kideek w-zuria tximeleta kontserbatzeko dauden arazoen berri emango diete bertaratzen direnei. Gero, Armentiako parkeko aparkalekuraino (Eskibelerako errepidearen ondoan) joango dira autobusez, eta handik landaketa egitekoa den lekura hurbilduko dira. Autobusa 14.00etan itzuliko da Atarira.
105 tximeleta mota Armentian
Eraztun Berdearen barruko parkean 105 eguneko tximeleta espezie bizi dira, eta horri esker Euskadin lepidopteroak behatzeko lekurik onenetako bat da. Estatuan mehatxatutzat sailkatutako zenbait espezieren populazioak ere hartzen ditu, ekimenaren xede den tximeleta, esaterako: w-zuria (Satyrium w-album) deritzona.