20. Korrika

Gasteiztar txikiek lekukoa hartuko dute gaur Korrika Txikian

Erredakzioa 2017ko api. 6a, 10:10

15:00etan abiatuko da Korrika Txikia Armentia ikastolatik.

30 ikastetxe baino gehiagoko haurrek parte hartuko dute gaur euskararen aldeko lasterketan. Amaitzean, denak elkartuko dira Plaza Berrian.

Orain aste bete 20. Korrikak milaka lagun bildu zituen Gasteizen. Oraingoan gasteiztar txikien txanda izango da, eta arratsaldean hiriko kaleak zeharkatuko dituzte, euskararen aldeko lasterketan. Hitzordua Armentia ikastolan hasiko da, 15:00etan, eta Zabalgana auzora abiatuko dira umeak. Pedro Asua kaletik pasa ondoren, Lakuaraino abiatuko da Korrika Txikia, eta ondoren, erdigunera, Gasteizko hiribidea eta Errota auzoa zeharkatu ostean. 16:00ak aldera Aranbizkarra auzoan barrena sartuko da, eta Judimenditik Dato kaleraino joango da. Azkenik, 16:30ak inguru, parte hartzaile guztiak Plaza Berrian elkartuko dira, 18:00ak iraungo duen jaian parte hartzeko.

Guztira, 33 ikastetxek parte hartuko dute Korrika Txikian: Armentia ikastola, Mariturri, Zabalgana, Hogar San Jose, Miguel de Cervantes, San Martin, Abendaño, Lakuabizkarra, Umandi, Barrutia, Tokieder, Gorbeialde, Ibaiondo, Aita Orbiso, Luis Elejalde, Luis Dorao, Niño Jesus, Urkide, Marianistas, Santa Maria, Landazuri, Ramon Bajo, Odon de Apraiz, Samaniego, Lopez de Gereñu, Errekabarri, Arantzabale, Salburua, Angel Ganibet, Calasanz, Adurtza, Olabide eta Aranbizkarra.

Erlazionatuak

20. Korrika Gasteizen

Erredakzioa 2017 mar 31 Gasteiz

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago