El Corte Ingleseko zamalanetako kaiaren inguruko txosten juridikoa eskatu du EH Bilduk

Erredakzioa 2017ko api. 4a, 11:37

El Corte Ingleseko zamalanak lurperatzea aurreikusten du Udalak.

"PPk eta EAJk akordio bat erdietsi dute 800.000 euro inbertitzeko. Operazio honek zentro komertzialari fabore bat egitea suposatzen du", azaldu du EH Bilduko zinegotzi Antxon Belakortuk.

Aurreko astean Gasteizko Udalak Santa Barbara plaza eraberritzeko aurkeztu zuen txostenak El Corte Ingleseko zamalanak lurperatzea ere aurreikusten du; eta hain justu ere, lan horiek piztu dute eztabaida Udaleko alderdi politikoen artean. Urtaranen gobernuak dio egingarria bada egitasmoan sartu egingo dela obra hori, Jaurlaritzaren aurrekontuari gehitutako 800.000 euroko partidaren bidez. Gaineratu du proiektua idatziko duela orain eta aurrera atera ezkero, saltokiaren inplikazioa beharko dela. 

EH Bilduk txosten juridikoa eskatu dio udalbatzako idazkari orokorrari, zamalanetako kaia zabaltzearen inguruaren dauden zalantzak argi ditzan. Antxon Belakortu zinegotziak honakoa salatu du: "PPk eta EAJk akordio bat erdietsi dute 800.000 euro inbertitzeko. Operazio honek zentro komertzialari fabore bat egitea suposatzen du". 

Udala El Corte Inglesaren "mesedetan" ezin dela ibili adierazi eta zera azpimarratu du: "Kaiak zarata eta eragozpenak eragiten dizkie auzokideei eta zentro komertzialak berak obraren kostua bere gain hartu beharko du".  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago