9,6 milioi euro Santa Barbara plaza eraberritzeko

Erredakzioa 2017ko api. 3a, 15:49
Santa Barbara plazak izango duen itxura berria.

Parterreak kenduko dituzte, irisgarritasuna hobetzeko, eta Posta kalearen zatia oinezkoentzat bihurtuko dute. Obrak irailean hasiko dira.

Santa Barbara plaza eraberritzeko lanak irailean martxan jarriko ditu Udalak. Dagoeneko Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi du inguru hori eraberritzeko lanak kontratatzeko dosierra; 9.659.843,55 euroko aurrekontua du, eta gauzatzeko epea 15 hilabetekoa izango da. Zenbateko horretatik, 255.115,30 euro AMVISAren hornikuntza sarea berritzeko izango dira, eta 429.838,15 euro saneamendurako. Aparkalekua berritzeko aurrekontua hiru milioi euro ingurukoa da.

Santa Barbara plazan egingo diren lanen artean, inguruko trafikoa hobetzeko lanak egingo dira, eta Posta kalean, esaterako, 80 metroko luzera izango duen pergola bat jarriko dute, 48 saltoki jartzeko lekuarekin. Helburua merkataritza ardatz hori dinamizatzea izango da.

Era berean, lanak kontratatzeko administrazio-baldintzen agiriaren azalean El Corte Ingles saltokiaren zamalanak lurperatzea aurreikusi dute. Egingarria bada sartuko da lan hori, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuari gehitutako partidaren bidez (800.000 euro). Espazio Publikoaren Sailak lurperatzearen proiektua idatziko du orain, eta honek hiru baldintza bete beharko ditu: bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta administratiboa. 

 

Hiru berdegune

Zehazki, Udalak Posta kalea oinezkoentzat bihurtuko du Santa Barbara plazatik igarotzen den zatian, Urriaren Hamabia kalearen espaloia zabalduko du, eta parterre gehienak kenduko ditu. Posta eta Bake kaleen arteko bidegurutzean, pasabide goratua jarriko da, eta Bake kaletik Posta kaleraino doan zatia erdi oinezkoentzat izango da.

Azken diseinuan, plazak hiru berdegune handi izango ditu. Mendebaldean,  El Corte Inglesetik hurbilen dagoen aldean, landareak jarriko dituzte, eta eserleku luze bat ere jarriko da. Atseden hartzeko gunea izango da.

Ekialdean ere eserleku luzea duen beste berdegune bat kokatuko dute, eta haurrentzako jolasak jarriko dira. Berdegune horretan landare atlantikoak (mahastiak eta fruta-arbolak barne) landatuko dira. Hirugarren berdegunea, aldiz, Azoka plazaren ondoan kokatuta egongo da.

Azoka plazaren aldean, Santa Barbara plazara ematen duen irteera berria egokituko da, eskailerez eta arrapalaz osatua, eta horrek mahaitxoak jartzeko aukera emango die gastrotabernei.  

Aparkalekua, argiztapena eta saneamendua

Aparkalekuari dagokionez, osorik eraberritzeko eta honen irisigarritasuna hobetzeko asmoa du Udalak. Ibilgailuak Bake kalera aterako dira, Posta kalean barrena. Erabiltzaileen sarbideei dagokienez, orain dauden bi sarbideen ordez (batek igogailua du), lau sarbide jarriko dira (eta bitan izango da igogailua). Bide batez, bizikletak aparkatzeko eremu bat sortuko da, baina oraindik ez dute kudeaketa-sistema zehaztu.

Gasteizen egiten ari diren beste obra garrantzitsuetan bezala, Udalak inguruneko argiztapena hobetzeko baliatuko du aukera, oraingo argien ordez led teknologia instalatuz, eta AMVISAren saneamendu eta hornikuntza sarea ere berrituko ditu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide