Laster hasi ziren aurtengo Korrikari harrera egiteko prestaketak Gasteizen, otsailaren 16an aurkeztu baitzen aurtengo edizioa, Oihanederreko klaustroan. Hurrengo astean hasi ziren lehen ekimenak. Inauterien harira Kubik aretoan egindako gala izan zen aurrenekoa. Mozorro gehienek, noski, zirkua izan zuten abiapuntua. Pantxika Lamurrek eskainitako antzerki-zirku ikuskizuna, jatekoa eta mozorro lehiaketa izan ziren bertan. Jaia amaitzeko, DJ Elepuntoren musika emanaldiaz gozatu zuten AEK-ko ikasle eta irakasleek.
Martxoaren 9an, berriz, Erradikalak gara izeneko emankizuna izan zen, bertsoak eta bakarrizketa uztartu zituen ekitaldian. Beatriz Egizabal ipuin kontalariak eta Ane Labaka bertsolariak kontraesanez betetako maletak ongi ikuskatu zituzten, erantzun egokien bila. Umorez zipriztinduta, baina "erroetara" iritsi nahian egin zuten bidaia, haien esanetan. Erradikalak zarete diotenei, baietz erantzun behar zaiela eta, halere, "nahi eta behar baino gutxiago".
Bestetik, Kukai dantza taldearen Oskara ikuskizunaren inguruko emanaldi berezia izan zen, martxoaren 23an, Ibaiondoko gizarte etxean. Ikuskizunaren inguruko dokumentala aurkezteaz gain, dantza eta musika uztartu zituen emanaldiak. Gasteizko gaztetxoek Korrika Txikirako egindako marrazkiak ere ikusgai izan ziren, Hegoalde eta Lakua gizarte etxeetan.
Korrika txikiak
Auzoetan ere izan da giroa. Pasa den ostiralean, esaterako, Lakuan ginkana egin zuten eta Adurtzan, berriz, txokolate eta bizkotxo jaia. Larunbatean, korrika txikiak egin zituzten Zabalganan, Judimendin eta Mendiolan. Horrez gain, Judimendin bionekazaritza landu zuten, hiri baratza sortuz, eta umeek Korrika petoak marraztu zituzten. Ondoren, bertsolariak eta pintxoak egon ziren.
Mendiolan, Asier Kidam magoaren emanaldiarekin amaiera eman zieten goizeko ekitaldiei, baina arratsaldean dantza egiteko astia izan zen ere. Salburuan, berriz, saskibaloian jolastu ziren txikienak, ostegunean beharrezkoa den sasoi onean Korrikari harrera egiteko.