Udalaren opor programak bi milatik gora plaza eskainiko ditu

Erredakzioa 2017ko mar. 27a, 17:34
Hainbat jarduera garatuko dira udako udal programan.

Gasteizko Udalak 2017rako antolatu dituen opor jardueretan 2.399 leku izango dira iaz baino 62 gehiago. 

Orotara hamabi programa dira, 3 eta 20 urte bitartekoei zuzendutakoak; horietaz gain, guraso elkarteek beren udako programak antolatzeko baliabideak dituzte. Udako jarduera horiek 2017ko ekainaren 26tik irailaren 1era arte garatuko dira. Izena emateko epe bakarra ezarri da jarduera guztietarako, jarduera nautikoetako hastapen ikastaroetarako izan ezik. Eskaera epea apirilaren 3tik 21era da, eta zozketa maiatzaren 5ean egingo dute.

Jarduera nautikoetako hastapen ikastaroei dagokionez, zuzenean emango da izena, maiatzaren 29tik aurrera, leku guztiak bete arte.

Zehazki, programa eta leku hauek eskainiko dira: Jolas txokoak (380 leku), udako ludotekak (435 leku +15). "Musika, bai!" musika udalekuak (480 leku), udaleku irekiak (310 leku), ingurumen udalekuak (120 leku), Green Summer Camp (100 leku), abentura udalekua (90 leku +45), udako txokokluba (150 leku), Udaband! udako musika-campusa (50 leku +50), jarduera nautikoetako campusa (184 leku +8), jarduera nautikoetako hastapen ikastaroak (381 leku -30), eta hondartzako kanpamentuak (100 leku).

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok azaldu duenez, programaren helburuak "Hiri Hezitzaileen Gutunetik ateratako balioekin zuzenean lotuta daude, eta hiriko hezkuntza proiekturekiko konpromisoa islatzen dute: bizi-kalitatea, gizalegea, sormena, bakearen kultura, ekitatea, prestakuntza, identitatea, berdintasuna, inklusioa,  berrikuntza, erantzukizuna, elkartasuna eta iraunkortasuna".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide