Miren Larrion EH Bilduko bozeramaileak kritikatu du udal gobernuak proiektu honekin egin duen kudeaketa. Haren esanetan, ideia lehiaketa bat martxan jarri da "tartean dauden eragileak kontuan hartu gabe". "Arkitektoek beraiek frontoia eraitsi behar den ala ez erabakitzeari atea irekita utzi dute", salatu du Larrionek, eta proposatu du behin lehiaketa amaituta "ideia horiek erabiltzea proiektua hobetzeko". Era berean, gogoratu du edozein kasutan azken erabakia Udalaren eskuetan dagoela.
Larrionek esan du "alde guztiek akordioetara heldu behar dutela, parte hartzetik eta elkarlanetik", eta nabarmendu du EH Bilduk Gasteizko Antzokiaren proiektua aurrera ateratzea nahi duela Auzolana frontoia babestuz, "Alde Zaharreko bizilagunentzat erreferentea dena".