Gasteizko Harrikada Curling Klubak bi talde eraman zituen Espainiako emakumezkoen txapelketara. Horien artetik Harrikada Lacturale 1 izenekoak lortu ditu emaitzarik onenak eta azken sailkapenean 2. postua eskuratu dute, Txuri Berri Cafés Aitona donostiarren atzetik. Lehen fase honek 9 txanda izan ditu eta bertan talde guztiek elkarren kontra lehiatu behar izan dute. Sailkatutako lehenengo 4 taldeek martxoaren 31 eta apirilaren 1a bitartean jokatuko den Playoff-erako postua lortu dute.
Lydia Valles, Josune Albizu, Nagore Goldarazena, Toñi Rodriguez eta Ainhoa Goldarazena jokalariek osatutako taldeak txapelketa osoan zehar joko maila paregabea erakutsi du eta azken balantzea 7 garaipen eta porrot bakarrekoa izan da. Partida gehienetan markagailuan aurrea hartzea lortu zuten hasieratik eta txapelketako 2. postua gainontzeko taldeei abantaila nabaria atereaz lortu dute. Galdutako partida bakarra, txapelketan nagusi izan diren Txuri Berri taldearen kontra jasan zuten jokatutako 6. partidan.
Bestetik, Harrikada Lacturale 2ko jokalariek ez dute horren emaitza onik lortzeko aukerarik izan eta partida bat baino gehiagotan irabazteko aukerak izan bazituzten ere, garaipen bakarrarekin bukatu zuten txapelketa. Kontuan hartzekoa da talde honetako jokalari gehienek debuta egin dutela txapelketan eta ezbairik gabe etorkizuneko lehiaketetarako esperientzia bereganatzeko lagungarria izan da txapelketa.