alea.eus

Laburbira film laburren jaialdia bihar helduko da Gasteizera

Erredakzioa 2017-03-13 17:27   Kultura  Gasteiz

Euskarazko zortzi lan eskainiko ditu jaialdiak; Araban, Gasteizera helduko da lehenik, martxoaren 14an, eta Arespalditza, Guardia, Araia eta Agurainera ondoren

 

Laburbira film laburren jaialdia bihar helduko da Gasteizera
Kepa Sojoren 'Hileta' laburra. /Hileta | Ikusi handiago | Argazki originala

Joan den ostiralean hasi eta apirilaren 7ra bitartean, Euskal Herriko 32 herri bisitatuko ditu Laburbira film laburren jaialdiak. Araban, Gasteizen izango da lehenengo emanaldia  hilaren 14an, eta Arespalditza, Guardia, Araia eta Agurainen ere izango da hurrengo asteetan. Euskarazko sortzaileen lana ezagutaraztea helburu duen ekimen honek hamalau urte bete ditu eta geroz eta txoko gehiagora heltzen da. 

Ordu eta laurden inguruko emanaldietan, sormena, dokumentala, fikzioa zein animazioa uztartzen dituzten ikus-entzunezkoez gozatzeko aukera izango da. Zortzi film izango dira aurten, gehienak 2015ekoak; Oier Fuentesen Azken saskia, Ageda kopla taldearen Beti bezperako koplak, Alejandro Diaz Castañoren Ihesa, Ibon Izaren Elemakarrak, Eki Pagoararen Jalgi, Uda Filmsen 280º, Kepa Sojoren Hileta eta Euspot lehiaketako spot onenak eskainiko dituzte. Film laburrak proiektatzeaz gainera, hainbat herritan solasaldia izango da zuzendari batekin. "Sortzaileek beraien lana publikoari  zuzen-zuzenean azalduko die, eta ikusleek ere zuzendariekin patxadan hitz egin ahalko dute, etxeko sofan baleude bezala", nabarmendu dute antolatzaileek. 

Urtez urte Laburbira martxan jarri ahal izateko, Topaguneak herriz herriko elkarteekin jarduten du elkarlanean, eta Eusko Jaurlaritzako zein Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundien babesa du. Euskal Herriaz gainera, ohitura den moduan, beste herrialde batzuetara helduko dira laburrak; besteak beste, New Yorken, Londonen eta Parisen eskainiko dituzte. "Sortzaileen lana ezagutzearekin batera, ekoizten jarraitu dezaten aukera emango diegu eta ikusleek bertan sortutakoaz gozatuko dute".

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa