Zerkabarren kalean dagoen Perseus diskotekak "emakumeen ipurdirik onena" aukeratzeko ekitaldi bat egiteko asmoa zuen, larunbat gauean. Alta, Emakundek sare sozialetan adierazi du enpresa antolatzailearekin harremanetan jarri ondoren, ekitaldia bertan behera utzi dutela.
Iragarritako espektakulu matxistak hautsak harrotu ditu gaur Gasteizen. Hiriko udal talde politiko guztiek salatu dute ekitaldia "iraingarria", "matxista" eta "nazkagarria" zela. Gasteizko Udalak, gainera, ekitaldia debekatuko zuela iragarri du eguerdian, Eusko Jaurlaritzaren Espektakuluen legearen 6. artikuluaren arabera, debekatuta baitaude "indarkeria, arrazakeria, xenofobia, sexismoa edo beste edozein bereizkeria mota sustatzen dutenak eta gizakiaren duintasunaren aurkakoak". Debekua gauzatu baino lehen erabaki du Perseus diskotekak bertan behera uztea iragarritako ekitaldia.