Kazkabarra tabernako bezero izatetik punk-rockaren inguruko kultur elkartea osatzera igaro dira, eta, urtebetean, dozenaka ekimen bultzatu dituzte Gasteizen kultura alternatiboaren ondarea bultzatzeko eta hedatzeko. Hiriko talde txikiei 'Lokal Zero' eskaini die Orbain kultur elkarteak, musika jotzeko edo erakusketak egiteko agertoki askea.
Orbain kultur elkarteak bultzada eman dio Gasteizen musika eta kultura alternatiboari. Martxoan aurkeztu zuten kultur ekimena, baina ordurako hilabete luzea zeramaten Orbaingo kideek buruari eragiten. Hain zuzen ere, Kazkabarra taberna itxiko zutela jakin zutenetik. "Punk-rockarekin lotura handia zuen tabernak, eta gure bigarren etxea balitz bezala ikusten genuen”, adierazi du elkarteko kide Iñaki Landak. Hartara, lokala zabalik mantentzeko ideiarekin, ezagunen artean hitz egiten hasi ziren: "Ez genuen nahi taberna soila izatea, zerbait gehiago egin nahi genuen, zer edo zer berria eskaini. ‘Zerk batzen gaitu?, galdetu genion geure buruari, eta erantzuna argia izan zen: punk-rockak". Hortaz, Orbain kultur elkartea sortu zuten, punk, rock eta, oro har, musika alternatiboaren azterketa, kontserbazioa eta hedapena bultzatzeko tresna.
Asier Langaran Orbaingo kideak adierazi duenez, talde bultzatzaile horretan zortzi lagun hasi ziren, eta haiek arduratu ziren inguruko jendeari ideia kontatzeaz eta proiektuan parte hartzera animatzeaz. Egun, 60 bazkide baino gehiago dira, "eta oraindik jende gehiago dago sartzeko prest. Asmoa da ahalik eta bazkide gehien izatea diru gutxiago jarri behar izateko". Lokala alokairuan hartu dute, modu autogestionatuan funtzionatzeko erronkaz. "Diru-laguntzarik ez dugu nahi; autogestioa defendatzen dugu, aske izan nahi dugu. Gasteizko Udalarekin elkartu gara eta proiektua aurkeztu diogu, baina argi utzita ez dugula diru-laguntzarik nahi" azpimarratu du.
Autogestioaren filosofia erabat dator bat Orbain Kultur Elkartearen izaerarekin. "Elkartu gara punk sentitzen garelako; 80ko hamarkadan punk hitzak zekarrenarekin bat egiten dugu: kapitalismoaren aurkako jendea, musika taldeak osatu zituen jendea, eta gauzak ezohiko moduan esaten eta egiten zituena, konformagaitzak...". Gasteizek balio horiek islatzen dituela ikusarazi nahi dute, eta punk-rockaren inguruan sortu ziren musika taldeak eta kultur ekintzak argitara ekarri, ondare hori guztia berreskuratu; are gehiago, ildo horretatik sor daitezkeen kultur adierazpen berriak bultzatu nahi dituzte.
Lokal Zero ekimena
Hain zuzen ere, taldeen eta norbanakoen ekimenak sustatzen eta babesten ibili dira buru-belarri. Hirurogei kultur ekimen baino gehiago antolatu dituzte Bruno Villarreal kaleko lokalean, gehienbat kontzertuak, baina baita erakusketak, zinema emanaldiak eta antzezlanak ere. Gasteizko eta inguruko musika talde berrientzat, "lokal zero" ekimena abiatu dute: "Berdin zaigu 17 urte dituzten eta gaizki jotzen duten edo 50 urte dituzten; guztiei ematen diegu aukera, guztiei eskaintzen lokala. Esate baterako, 16 urteko gazteek osatutako talde bat etorri zen, eta haiekin batera gurasoak ere bai, gurasoz beteta zegoen lokala; horixe da onena" dio Langaranek. Aukera ez diote inori ukatzen, baina nahiago dute Gasteiz inguruko taldeekin lan egin: "Ekarri izan ditugu talde onak, kanpokoak, baina jendeak ez ditu ezagutzen eta oso lagun gutxi bildu dira kontzertuetan".
Punk-rock musikaren alorrean, Euskal Herrian dagoen geldialdia "nabari-nabaria" dela uste dute Orbain elkarteko kideek, eta horregatik eskaintzen diote lokala jende gazteari, "lore berriak sortzeko". Asier Urionabarrenetxeak adierazi duenez, "jende piloa ari da musika jotzen, baina ez dago non jo; Gaztetxearen egutegia gainezka dago, eta ez dago aukerarik inon jotzeko... jendea badago, mugimendua ere bai, ikusaraztea falta da”.
Lokal Zero ekimena erakustaldietara ere zabaldu dute, eta taberna zena gune undergrounda bilakatu dute. Areto alternatiboak arrakasta handia izan du, eta bertan izan dira AR LA kolektiboa, Mundinak Gaztegin-en egindako azalak eta komikiak, Luz Roja kolektiboa eta abar.
Orbain elkarteko kideek bizi duten errealitatea ez dator bat kulturaren inguruan nabarmentzen ari den irudi ezkorrarekin. "Ez gatoz bat kulturari buruz ematen duten irudi horrekin, guk ez dugu horrela ikusten” dio Landak. “Erakundeek beren papera bete dute, dena izorratzea, alegia, baina zorionez gero eta lokal alternatibo gehiago daude, su txiki asko sortu dira eta oso panorama interesgarria dago Gasteizen". Bestalde, uste dute elkartearen sorrerak akuilu lana egiteko balio izan duela, eta horren adibide izan daiteke iragan maiatzean heavy metal musika dinamizatzeko jaiotako Metal Titans Gasteiz taldea.
Punk-rockaren aitorpena
Ekimen mordoa egin dute urtebeteko ibilbidean. 2017. urte honi begira, ekitaldiak bultzatzen jarraituko dute, noski, baina arreta berezia eskaini nahi diote elkartearen bigarren lan ildoari, punk-rockaren balioespenari, hain zuzen. Orbain elkartearen iritziz, oraindik ere ez zaio behar bezalako balioa eman musikaren esparruak Arabari egindako ekarpenari: "Sebastian Iradierrek plaka ziztrin bat besterik ez du Arkupeetan, kalerik ere ez du; Iradierri aitortzarik eskaini ez bazaio, pentsa Hertzainaki edo Cicatrizi...". Haatik, elkartearen irudikoz, egungo Gasteiz ezin da ulertu garai batean zenbait musika taldek eta mugimenduk egindako ekarpena kontuan hartu gabe: "Zer litzateke gaur gure herria gaztetxerik gabe, irrati librerik gabe, fanzinerik edo manifa ateorik gabe? Hori guztia balioets dadin, aurrerapausoa eman nahi dugu, hazia ereiten jarraitu nahi dugu". Horregatik ari dira punk-rockaren oroimena lantzeko proposamena osatzen.