alea.eus

Autobus geltokiko aparkalekua doakoa izango da Txagorritxun obrak dauden bitartean

Erredakzioa 2017-02-21 14:50   Gizartea  Gasteiz

Txagorritxuko ospitalean egitekoak diren obren ondorioz galduko diren aparkalekuak konpentsatzeko autobus geltokiko aparkalekua doakoa izango da.

Autobus geltokiko aparkalekua doakoa izango da Txagorritxun obrak dauden bitartean
Autobus geltokiko aparkalekua doakoa izango da. | Ikusi handiago | Argazki originala

Gasteizko Udal gobernuak erabaki du autobus geltokiko lurrazpiko aparkalekua erabiltzeagatik ez kobratzea. Dena den, neurria ez da behin betikoa, eta martxan izango da bakarrik Txagorritxuko ospitalean egingo dituzten obrek irauten duten bitartean.

Izan ere, Txagorritxuko Arabako Unibertsitate Ospitalearen eraikin berria egiteko eremu hartan dauden aparkalekuen zati bat kenduko da: orain 477 leku daude eta 150-200 leku ingurura gutxituko dira. Galera hori arintzeko, eta Osakidetzarekin koordinatuta, behin-behineko aparkatzeko bi espazio alternatibo sortuko dira: bat Martin Sarazibar kalean (180 leku gutxi gorabehera), orain heliporturako erabiltzen den lursailean, eta beste bat Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalearen eta Francisco Leandro Viana kalearen artean(150 leku gutxi gorabehera), AUOko kanpoko kontsulten eraikinaren ondoan.

Bi aparkalekuak egokitzen diren bitartean, eta ospitale berria eraikitzeko lanak ziur aski horiek bukatu aurretik hasiko direnez, autobus geltokiko aparkalekua doan erabiltzen uztea erabaki da.

"Hainbat neurri planteatzen ari gara ospitaleko aparkalekua erabiltzen dutenek ordezko lekua izan dezaten lanek irauten duten bitartean, eta Txagorritxu, Sansomendi eta Lakuabizkarreko auzokoek azaleko aparkalekurik galdu ez dezaten. Gainera, aldi batez doan utzirik geltokiko lurpeko aparkalekua sustatu nahi dugu, eta bide batez inguruko auzokoen eskaerari erantzun", adierazi du Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok.

Autobus geltokiko lurpeko aparkalekua 06:00etatik 24:00etara dago irekita. 302 auto har ditzake (mugikortasun murriztua dutenentzako 10 leku), eta 13 motor.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa