Luzapenean 103-99 galdu du partidua Baskoniak Real Madrilen kontra

Erredakzioa 2017ko ots. 18a, 21:02

Azken laurdenean partiduari buelta ematea lortu eta garaipena esku artean izan ondoren, gasteiztarrek ez dute jokaldi erabakiorretan asmatu eta minutu gehigarrietan madrildarrak izan dira nagusi.

Lehenengo minutuetako joko parekatuaren ostean, 17 urteko Luka Doncic madrildarrak bere adinerako ezohikoa den ausardia erakutsita jokoaren pisua beregain hartu eta Real Madrilen  alde jarri du partida aldageletara bidean (44-35).

Hirugarren laurdenean Sito Alonsoren mutilek ordea erreakzio gaitasuna erakutsi dute eta defentsa gogortuta markagailuan gerturatzea lortu dute. Gasteiztarren minuturik onenak izan dira eta hiruko marratik behin eta berriro asmatuta partidua erabat irauli dute. Partidua bukatzeko 3 minutu eskas falta zirela, Baskoniak zortzi puntuko aldea izan du eta garaipena ia esku artean izan dute.

Real Madrilek ordea ez du amore eman eta gasteiztarren artean jokaldi erabakiorretan zalantzak nagusitu dira. Urduritasunak eraginda baloi ugari galdu dute eta madrildarrek aukera hori baliatuta partidua berdintzea lortu dute Sergio Llulen erasoko jokoari esker.

Luzapenera fisikoki agortuta iritsi dira bi taldeak, baina Baskoniako jokalariek partidua irabazteko fede nahikorik erakutsi ez duten bitartean, Real Madrilekoek sendotasun  eta kemen gehiago erakutsita finalerako txartela lortu dute.

Partidu ikusgarria izan da eta bi taldeek joko maila paregabea erakutsi dute, baina lehia horretan madrildarrak izan dira nagusi eta igandeko finalean Gasteizko zaletuek ezin izango dute Baskonia txapeldun bihurtzen ikusi.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago