"Kopan garaipen zaporea duen porrota bizi izan dugu"

Naiara Lopez de Uralde 2017ko ots. 17a, 06:00
Araskik momentu oro jarraitzaileen babesa izan zuen. I Alberto Nevado (FEB)

Livia Lopez, Araskiko presidentea. Taldeko helburuen artean lehen mailara iristea edota Erregina Koparako sailkatzea ez bazegoen ere, azken hilabeteetan aurretik egindako lan guztia ondainsaria izaten ari da Gasteizko neskentzat.

 

Lacturale Araskiko neskak pozaren pozez itzuli dira etxera, joan den asteburuan Gironan Erreginaren Koparen finalerdira iritsi ostean. Txapelketa horretara ligako azken lau partidak galduta iritsi baziren ere, azkenean finala jokatzetik pausu bakar batera geratu ziren. Eta ez da harritzekoa, izan ere, urte askotan zehar egindako lanaren poderioz, talde gasteiztarra hilabete gutxitan Emakumezkoen Ligako bigarren mailan jokatzetik estatuko saskibaloiko talde garrantzitsuenei aurrez aurre begiratzera igaro da.    

Denboraldi paregabea egiten ari zarete. Duela hilabete batzuk halako arrakasta izatea espero zenuten?

Sekula ez genuen honaino iritsiko ginenik pentsatu. Gure filosofia egunetik egunera aurrera egitea izan da, eta horregatik, hasierako helburuen artean ez zegoen lehen mailara iristearena, ezta Erreginaren Kopa jokatzeko sailkatzea. Gure asmoa poliki-poliki haztea zen, gure harrobia zainduz eta oinarri sendoa duen proiektu bat aurrera ateraz. Baina urte asko daramagu izugarrizko esfortzua egiten, eta dirudienez lan horrek bere ordainsaria izan du, eta horrek asko pozten gaitu. 

Nolakoa izan da Erreginaren Kopa lehenengo aldiz jokatzearen esperientzia?

Guztia ikaragarria izan da, eta sentitutakoa hitzekin azaltzen saiatzen bagara ere, ezinezkoa da! Emozio handiz bizi izan dugu kanporaketa guztia, eta barren-barrenetik sentitu dugun zerbait izan da. Talde apala gara, aurrekontu gutxi dugu, eta gure jokalari gehienak saskibaloia bestelako ikasketekin edota lanarekin tartekatzen dute, etorkizunean kirol honetaz bizitzea ezinezkoa izango zaiela badakitelako. Hala ere, guk aurrera jarraitzen dugu, talde honek duen gauzarik hoberena delako beregan sinesten duela. 

Ostiralean Ferrolen aurka jokatutako partida azkenengo segundoetan erabaki zen. Zer sentitu zenuten finalerdirako pasea lortzerakoan?

Tentsio, urduritasun eta presio asko sentitu genuen 40 minutuetan zehar. Denbora oso poliki igarotzen zen, eta guretzat amaierako 15 segundo horiek orduak ziruditen. Egia esan, ez zen oso partida ikusgarria izan, baina taldeak amaierara arte amore ematen ez duenez, galtzen egon arren, azkenean jokoari buelta emateko gai izan ginen. 

Larunbatean Gironaren kontra jokatutako partida ere amaierako minutura arte ez zen erabaki. Finalera iristeko gai sentitzen zineten?

Hasieratik ezagutzen genuen zein zen Gironako taldeak duen indarra. Gainera, haiek atseden hartzeko egun bat gehiago izan zuten, eta etxean jokatzen zuten. Dena bere alde zutela zirudien. Hala ere, guk bagenekien ez genuela ezer galtzeko, eta horregatik partida hori irabazteko asmoz amaierara arte gogor borrokatu genuen. 

Finalaren atarian egonda, pena handia sentitu zenuten kanporatuak izandakoan?

Bai noski! Baina orain hotzean pentsatuz gero, agian finalera iristea okerragoa izango zela iruditzen zaigu. Izan ere, hiru jokalari lesioak jota ditugu, eta gure indar guztiekin jokatzeko aukerarik ez genuenez, litekeena zen Perfumerias Avenida taldeak gure gainetik pasatu izana. Eta noski, horrek gorputzean sentsazio okerragoak uzten dizkizu. Finalerdira iritsita, aldiz, garaipen zaporea duen porrota bizi izan dugula esan dezakegu.

Orduan, nola baloratuko zenuke Araskik Kopan izandako ibilbidea?

Oso ona, ez bakarrik jokalariek zein talde-teknikoak lortutako guztiagatik, baita norgehiagoka hedabideetan izandako oihartzunagatik ere. Telebista kateak lehendabizikoz animatu dira txapelketa hau ematera, eta horri esker taldea lau haizetara ezagutzera eman dugu. Kopa dela eta, guregan interesik ez zuten hedabideek tokia egin digute, eta horrek orain arte ailegatzen ez ginen publikora iristea posible egin digu. Instituzioek euren babesa eman digute, eta saskibaloiarekin harreman zuzena duen eta ez duen jende askok bidali dizkigu zorion mezuak, baita Gasteizko Udaltzaingoak ere!

Horretaz gain, haur-taldean jokatzen duten neskek ere emozio handiz bizi izan dute txapelketa guztia. Jokalariekin batera bidaiatu zuten Gironara, eta horrek gure harrobia sendotzeko balio izan digu.   

Zer deritzozu jarraitzaileei buruz?

Ba itzelak direla! Gironara 100 jarraitzaile inguru gerturatu ziren, eta eurek bakarrik kiroldegian zeuden gainontzeko 2.500 pertsona baino gehiago animatzen zuten. Larunbatean, kanporatuak izan ginenean, partida bukatzerakoan neskak harmailara gerturatu ziren jendea agurtzera, eta guk irabazi genuela zirudien. Egia da Mendizorrotzaraino gero eta publiko gehiago hurbiltzen dela gure partidak ikustera, baina espero dezagun egun bakarreko kontua ez izatea, eta gauzak hain ongi ez daudenean ere haien sostengua izaten jarraitzea. Izan ere, guretzat babes soziala izatea oso garrantzitsua da, taldearen jarraikortasuna diru-laguntza publikoen menpe ez egoteko. 

Aurtengoan Gironaraino gerturatu ez den publikoak ere norgehiagoka hedabideetan zuzenean jarraitzeko aukera izan du. Gizonezkoen eta emakumezkoen kirolek duten garrantzia parekatzen ari al da?  

Egun hedabide batek ematen dituen albisteen %5 edo %6a emakumezkoen ingurukoak dira soilik, hortaz, emaitza horiekin ezin gara positiboak izan, oraindik bi sexuen arteko benetako parekotasuna lortzeko bide luzea geratzen baita. Hala eta guztiz ere, azkenaldian gero eta gehiago dira astebururo Araskiren berri ematen duten hedabide lokalak, hori dela eta, aurrerapausu hauek zerbaitetarako balio izatea espero dugu. 

Eta hemendik aurrera zein izango da Araskiren hurrengo helburua?

Lehenik eta behin, mailari eustea lortu behar dugu ahalik eta azkarren. Gero, play offetan sartzeko aukerak ere ditugu, baina momentu honetan gure antzera dauden bost edo sei talde daude, eta horregatik jokatu behar ditugun hurrengo lau partidak oso garrantzitsuak izango dira. Guk gogor lan egiten jarraituko dugu, beti ere Kopa honek eman digun bultzada aprobetxatuz.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide