alea.eus

Baloia, airean

Naiara Lopez de Uralde 2017-02-16 12:36   Kirola  Gasteiz

Errege koparekin batera, saskibaloiak hiriko hainbat txoko hartuko ditu jarduera osagarriekin, Minikopa eta Fanzone gunea tartean. 

Baloia, airean
Ostegunetik igandera, milaka zale hartuko ditu Buesa Arenak. I BASKONIA | Ikusi handiago | Argazki originala

Pasa den urrian ACBk, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Saski Baskoniak sinatutako akordioari esker, otsailaren 16tik 19ra bitartean, Fernando Buesa Arena estatuko saskibaloirik "onenaren" egoitza bilakatu du. Gorka Urtaran alkatearen esanetan, "honakoa Gasteiz bultzatzen jarraitzeko, eta kanpokoei hiriaren zein bertako bizilagunen ahalmenak erakusteko aukera aparta izango da".

Kirola baino harago doan ikuskizun honek dituen inplikazio ekonomikoak, sozialak eta bestelakoak direla eta, hiria egokitze lanetan ibili da azken hilabete hauetan. Besteak beste, Fitur azokako turismo promozioa, kirol espazioen prestaketa, parte hartuko duten taldeen beharrak asetzea, edota milaka jarraitzaileek arreta egokia izan dezaten Udalak lanari ekin dio merkataritza, ostalaritza eta turismo alorrean lan egiten duten agenteekin koordinatuz. 

Eskaintza turistiko zabala

Kanpoko zaleen etorreraz baliatuz, turismo zerbitzuak kanpaina berria zabaldu du. Sekulako proposamenak dituen helmuga txikia lelopean, aurkeztutako irudiak Gulliverren bidaiak ditu ardatz. "Hiria txikia bada ere, jardueren agenda zabala kudeatzen du, eta horrek inguruko beste helmuga batzuetatik bereizten gaitu", adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak. 

Lau egun hauetan, ohiko eskaintzaz gain, turismo zerbitzuak hainbat bisitaldi berezi antolatu ditu; Udalak eta Aldundiak Territorio Basket izeneko argitalpena kaleratu dute lurraldea ezagutzeko proposamenak eskaintzeko helburuarekin; eta Gasteiz On elkarteak gastronomia, hiriko aisialdi eta erosketa eskaintza osoa biltzen duen liburuxka bat ere prestatu du. 

Bestalde, garraio publikoaren erabilera sustatzeko asmoz, eta aldi berean, auto pilaketak ekiditeko helburuarekin, Tuvisak zerbitzu berezia eskainiko du zaleak Zurbaoko atariraino gerturatzeko. Horretarako bi linea berri jarri ditu martxan; bata Bake kaletik, Santiago ospitalearen aurretik, irtengo da, eta  bestea, berriz, Europa biltzar jauregitik abiatuko da zaleak kantxaraino hurbiltzeko. 

'Fan zone' eta Minikopa

Fan zone edo zaleentzako eremua Kopako jarduera-programaren atal nagusietako bat da. Europa biltzar jauregia izango da gune honen egoitza, eta bertan ACBn parte hatzen duten 17 taldeek, babesleek eta erakundeek kirol zein aisialdi jarduera ugari eskainiko dute. Besteak beste, saskibaloi partida historikoen eta dokumentalen emanaldiak, hitzaldiak, umeentzat zuzenduriko sukaldaritza tailerrak edota bestelako jolasak antolatu dituzte.

Zaleen gunea ez ezik, Europa biltzar jauregiak ere Errege Minikopa hartuko du. 2004. urtetik aurrera, jokalari nagusiek egiten duten moduan, gaztetxoenek ere txapelketa honetan parte hartzeko abagunea izaten dute. 

Urrian Madrilen jokatutako sailkapen lehiaketan lortutako emaitzen arabera, oraingoan Manresa, Joventut, Real Madril, Bartzelona, Unicaja, Real Betis, Murtzia eta Baskonia bera izango dira Kopa txikia lortzeko borrokatuko direnak. 

Minikoparen finala, aldiz, Buesa Arenan egingo da igandean, 12:30ean, eta haraino publiko andana gerturatzea espero dute. Izan ere, 13 urte hauetan zehar, norgehiagoka hau orain profesional moduan aritzen diren jokalari askoren erakusleihoa izan da.

Kopa, bosgarrenez

Aurtengoan Gasteiz Errege Kopa hartzen duen bosgarren aldia izango da. Hiriak Kopa 2000. urtean hartu zuen aurrenekoz, eta geroztik 2002, 2008 eta 2013an ere txapelketa honen antolatze lanak egokitu zaizkio. "Gasteizen beti bertaratze zifra ikusgarriak lortu ditugu, eta oraingoan, pabilioiak 15.500 ikusle baino gehiago hartzeko ahalmena duela kontuan izanda, kopurua hobetu egingo dugula uste dut", adierazi du Saski Baskoniako presidentea den Josean Kerejetak. "Kopa hirira berriro ekartzeak arrakasta ekarriko digula ziur naiz, eta baita eragin ekonomiko handia ere".

Garaikurra etxera

Txapelketa hau egin den aurreko 80 edizioetan, Real Madril izan da saria gehienetan irabazi duen taldea, 26 garaipenekin. Gertutik Bartzelona dator, Kopa 23 aldiz erdietsi du, eta atzetik Badalonako Joventuta, 8 aldiz. Baskonia, ordea, 4. postuan dago, lehiaketa honetako  txapelduna 6 aldiz izan baita. 

Arabako taldeak 1994-95. denboraldian bereganatu zuen kopa lehen aldiz, eta ordutik saria 1998-99, 2001-02, 2003-04, 2005-06, eta 2008-09. denboraldietan ere etxera ekartzea lortu du.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa