Gorka Urtaranek udalbatzaren konfiantza eskatuko du 2017ko aurrekontuak onartzeko. Hala iragarri du gaur Lehen alkateorde Peio Lopez de Munain eta Itziar Gonzalorekin batera egin duen agerraldian, eta horretarako Hauteskundeen Erregimen Orokorraren Legeak jasotzen duen aukera batez baliatuko da. Lege honek dio alkate batek udalbatzaren konfiantza eska dezakeela bere aurrekontu proiektua bertan behera geratu bada. Kasu horretan, kontuak automatikoki onartuak geratuko dira oposizioak ez badu aho batez alkategairik aurkezten hilabeteko epean. Odon Elorzak bitan erabili zuen aurrekontua onesteko formula hori Donostian, eta duela aste batzuk Ada Colauk ere baliatu zuen, Bartzelonan. Kataluniako hiriburuko alkateak bide horretatik lortu zuen udal kontuak onestea, urtarrilaren 25ean.
Hala, datorren otsailaren 3an udalbatzaren konfiantza eskatuko du Urtaranek. Udalbatzaren gehiengo sinplea lortzen badu, aurrekontuak automatikoki onartuko dira. Ez badu babes nahikorik lortzen, oposizioko taldeek hautagai alternatibo bat aurkeztu behar dute. Hau gertatu ezean, alkateak udalbatzaren konfiantza lortuko luke, eta hortaz, aurrekontuak onartuko lirateke.