Gasteizko Udalak ez du San Antonio auziaren erabakiaren aurkako helegiterik jarriko

Erredakzioa 2017ko urt. 27a, 09:38

San Antonio kaleko lokalen alokairuaren aurkako elkarretaratzea.

Abenduan Kontu Auzitegiak Alfonso Alonso eta Javier Maroto absolbitu zituen, San Antonio kaleko lokalen auziagatik.

Gasteizko Udalak ez du Kontu Auzitegiak San Antonio auziaren inguruan hartutako erabakiaren aurkako helegiterik jarriko. Aurreko abenduan Kontu Auzitegiak Alfonso Alonso eta Javier Maroto absolbitu zituen, San Antonio kaleko lokalen auziagatik. Maiatzean, Kontu Auzitegiko beste organo batek 393.862 euroko zigorra ezarri zien Gasteizko alkate ohiei eta 2007an Gasteizko Udal Gobernua osatzen zuten beste zazpi kideri, lokalen kontratuarekin interes orokorrari kalte egin ziotelako. Orduan
Gasteizko Udalak Maroto eta Alonsoren absoluzioaren kontra helegitea aurkeztuko zuela esan zuen.

Orain, berriz, Gasteizko Udalak Auzitegi Gorenean Kontu Auzitegiaren erabaki horren aurkako  errekurtsoa aurkezteari uko egin dio. Azken asteetan helegitea aurkezteko aukera aztertzen egon direla adierazi du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, eta Udal gobernua "Gasteiz defendatzeko bide juridiko guztiak agortzearen aldeko jarrera" izan duela azpimarratu du. Zerbitzu juridikoekin kontsultatu, eta Auzitegi Gorenean kasazio helegite batek aurrera egiteko "aukerarik ez duela" azaldu dute. Urtaranek azaldu bezala, "Udaleko diru-kutxarako gastu inportantea izango litzateke eta hortaz, erantzukizunez jokatu behar dugu".  Izan ere, San Antonio kaleko lokalen alokairuaren kontratua "oso kaltegarria" eta kudeaketa “tamalgarria” izan zela argi utzi nahi izan du Urtaranek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago