"Auzolana ez da pilotaleku huts bat, auzoa eta hiriarentzat tresna bat baizik"

Anakoz Amenabar 2017ko urt. 19a, 10:12
Txapa Ahotsako kide dira Itziar Lekuona, Arrate Albaina eta Unai Lpz de Munain. /S. Fdz de Aranguiz

Ibilbide oparoa egin du Auzolana pilotalekuak eta etorkizunean ere jarraitzeko lanean dira frontoia kudeatzen duten auzokideak; Itziar Lekuona, Arrate Albaina eta Unai Lopez de Munainekin izan da Alea.

 

Zortzi urte dira Auzolana pilotalekua okupatu eta beharrezko konponketak egin ostean abian jarri zutenetik. Geroztik, pilotaz harago, hamaika kolektiboren topaleku izan da Alde Zaharreko frontoia. Udalak eraikina eraitsi eta bertan Gasteiz Antzokia egiteko proposamenaren kontra agertu dira Txapa Hotsako kideak, eta pilotalekuak  auzoan betetzen duen eginkizuna nabarmendu dute.  

Nolako ibilbidea egin du Auzolana pilotalekuak urte hauetan zehar? 

Arrate Albaina: Erabilera garrantzitsua izan du. Pilotalekuko ohiko erabiltzaileekin batera, kolektibo oso ezberdinek erabili dute, baita Udalak berak ere; eskaut talde batek lo egiteko lekua behar zuen eta han izan ziren... Eta azken asteetan kolektibo horietatik jaso dugun sentsazioa da funtzio bat betetzen duela frontoiak, urteetan zehar betetzen joan dela eta jendearetzat ez dela frontoi huts bat, tresna bat baizik.

Unai Lopez de Munain: Momentu honetan arratsalde guztiak hartuta daude, hiru orduz, Goian elkarteak eskaintzen dituen pilota eskolekin, eta asteburuetan hainbat ekitaldi izaten dira, bazkariak edota asanbladak direla. Ez da ezer ordaindu behar erabili ahal izateko, zaindu eta garbitu behar da bakarrik, eta horregatik ugari etortzen dira, ikasturtean zehar unibertsitario ugari. Alaveseko jarraitzaileek erabili dute, Senegaleko herritarrek, Mercedeseko langileek... alegia, askotariko taldeek.

Itziar Lekuona: Elkartzeko gune gutxi daude Alde Zaharrean eta frontoia berreskuratu zenean pentsatu zen ezin zela utzi dauden gutxi horiek egoera horretan, frontoia zegoen moduan, sabaia erorita, hondatuta eta inork horren ardurarik ez izatea. Eta esperientziak eta urteek hori erakutsi dute, elkargune bat dela. 

Gasteiz Antzokia bertan egiteko proposamena nola hartu zenuten?

I.L: Uztaila erdialdean jakin genuen medioen bitartez. Urgentziaz elkartu ginen. Ez genuen ulertzen, eta ez dugu ulertzen gaur egun, zergatik proiektu bat abian jartzeko beste baten gainean egin behar den.

U.L: Erabilera oso urria duten lekuak egonda, gainera. Oker ez banago,  zezen plaza urtean hamabi egunez erabiltzen dute. 

I.L: Uste dugu bi proiektuentzako tokia badagoela hirian, noski. Gure zeregina ez da leku bat proposatzea, baina ziurrenik denon artean proposatu daiteke toki apropos bat.

Pilotalekuan egiten den lana kontuan izan dutela uste duzue?

U.L: Udaletik onartu zuten ez zutela ezagutzen Auzolanak daukan erabilera, auzoan eta hirian izan dezakeen inpaktua. 

A.A: Guretzat errespetu kontu bat da. Zortzi urte daramatzagu eta honek funtzionatzen du. Zergatik hemen? Minduta sentitu gara, kudeatzen ari garen proiektua errespetu gutxirekin tratatu dutelako. Guretzat eztabaida ez da "Gasteiz Antzokia edo frontoia", eta konfrontazio hori bilatu dute.

I.L: Saiatu dira horrela saltzen, eta gu minduta gaude eztabaida ez delako hori. Are gehiago, frontoia toki euskaltzale bat da, gu euskaltzaleak gara eta frontoiak eskaintzen du bere tokia euskara gune bat izan dadin, eta bada. 

Frontoia ordezkatuko lukeen beste areto bat ere planteatu dute, Gasteiz Antzokiaren proiektuaren barruan, auzokideek kudeatuko luketena.

I.L: Guretzako gauzak aldatu dira. Hamaika bilera izan ditugu auzoko eragile eta euskalgintzako taldeekin, baita Gasteiz Antzokiaren sustatzaile nagusi den Lazarragarekin, eta horiekin ondorioztatu dugu Auzolana ez dela bota behar, jendeak ez duela ulertzen eta errespetuzko jarrera batetik. Lazarragak berak esan du birmoldaketa egin daitekeela, Eskibel etxadia  hartuta egin daitekeela proiektua frontoia ikutu gabe. Udalak, berriz, berean  jarraitzen du burugogor.

A.A: Gure termometroa  auzoa izan da. Auzokideekin harremanetan egon gara eta auzoak babesten du frontoia eta Antzokiaren inguruan jakin nahi dute zer egongo den ontzi horren barruan, proiektu arkitektoniko bat delako eta barrukoa oraindik zehaztu gabe dagoelako. 

Iñaki Prusilla euskara zinegotziak Alea-n aipatzen zuen negoziatzeko prest dagoela baina kontrako jarrera topatu duela.

A.A: Guretzat ez da negoziaziorik, inposizioa baino. Ematen du zerbait sortu dela ekidinezina dena, eta negoziatu behar dugula, eta nire ustez xantaia kutsua dauka negoziazio kutsua baino. Ematen du Gasteiz Antzokia egingo dela baldin eta frontoia botatzen bada. "Zure etxea botako dugu" esaten dizutenean, zein da negoazioa?

Frontoiak irisgarritasun arazoak ere badituela aipatu dute, eta baldintzak ez dituela betetzen.

A.A: Guri arduratzen gaitu gehien frontoia egotea ondo, eta horregatik egiten ditugu egiten ditugun auzolanak ahalik eta hobetoen egon dadin. Bere garaian ez zegoen ur beroa eta orain badago, itoginak konpontzen goaz behar denean... Egia da emergentzia aterik ez dagoela eta konpondu daitezkeen gauzak daudela, eta hortaz ere hitz egin dezakegu, baina hori izatea aitzakia frontoia botatzeko... esan dezatela argi eta garbi. Orain arte ez da eztabaidagai izan nola dagoen frontoia, ez da inor arduratu orain da eztabaida bota nahi dutelako?

Aste honetan bertan aurkeztu ditu Udalak Gasteizko Antzokiaren proiektu lehiaketarako baldintzak, eta frontoia eraitsi gabeko proiektuak ere onartuko ditu.  Jarrera aldaketarik izan dela uste duzue?

I.L: Udaletxeak, bakarrik dagoela ikusirik, pausu bat ematen duela irudikatu nahi izan du. Baina ez dago pausurik. Nola izan daiteke pliego bakarrean bi aukerak ematea? Nork erabakiko du ondoren? Ez dakigu. Zer irizpideren arabera? Ez dakigu. Arrazoi teknikoen izenean erabaki politiko inposatzaile berbera hartzeko amarrua ikusten dugu mugimendu honen atzean.

U.L: Edonola, gauzak askoz sinpleagoak dira. Esan dugun bezala, Lazarragak berak eskatu dio frontoia proiektutik kanpo geratzea. Jarrera honekin adostasun handia dago auzoan zein euskalgintzan ere. Kasu egin dezala, besterik ez.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide