31 isun jarri ditu Udalak, garbiketaren araudia ez betetzeagatik

Erredakzioa 2017ko urt. 13a, 12:39
Gasteizko Alde Zaharrean.

Horietako 25 merkataritza eta ostalaritza establezimenduei jarri dizkie; gainontzekoak, norbanakoei.

Garbiketaren inguruko araudia betetzen ez dutenek isuna jasoko dute Gasteizen. Informazio kanpaina bat egin zuen abenduan Udalak, eta orain isunak jartzen hasi da. Hain zuzen, kanpainaren helburuetako bat hiriko 40 "puntu beltzetan" (Ibaiondo, Salburua eta Zabalgana auzoetan eta Erdi Aroko hirigunean kokatuak)  herritarren portaera bidegabeak murriztea zen.

31 isun

Azken hilabetean, Udalak 31 dosier zigortzaile abiarazi ditu garbiketari eta hondakinen bilketari buruzko ordenantza ez betetzeagatik. Gorka Urtaran alkateak azaldu duenez, prozedura horietako 25 merkataritza eta ostalaritza establezimenduen kontra ireki dira, eta beste sei norbanakoek egindako arau-hausteei dagozkie. Isunik txikiena jaso dute gehienek, 90 eurokoa, zaborra gaizki utzi edo ordutegia ez betetzeagatik.

Hondakinen Kudeaketarako Atalak eta Udaltzaingoak tramitatu dituzte zigorrak, Erdi Aroko hirigunean, Zabalgunean eta Zabalgana eta Lakua auzoetan gertatuko arau-hausteengatik. "Udalaren helburua ez da zigor eta isunak ezartzea, baizik eta denon artean hondakin kudeaketa hobetzea eta, azken finean, Gasteiz hiri gero eta hobeagoa izatea", esan du alkateak.

Hondakinen Kudeaketaren Zerbitzuak kalkulatzen du edukiontzietatik kanpo uzten diren poltsak jasotzeak urtean milioi bateko kostua duela.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide