Aurrekontuen luzapena, gero eta gertuago Gasteizen

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko urt. 11a, 17:27
Gasteizko udaletxea

Bi asteko epean oposizioko talde politikoekin negoziatu behar dute EAJk eta PSEk udal aurrekontuen luzapena saihesteko. Ez dira ondo hasi negoziazioak.

 

Erabakia zirt edo zart hartu behar dute udal talde politikoek urtarrilaren 27a baino lehen. Egun horretan bilduko baita 2017ko aurrekontua bozkatuko duen udalbatza. Alta, egun, udal aurrekontuak luzatuko direla aurreratu daiteke, talde politikoen jarrerak ikusirik.

"Aurrekontua aurrera ateratzeko indarrak ahitu arte negoziatuko dugu", esan du Itziar Gonzalo alkateordeak. Hartara, aste honetan bertan talde politiko guztiekin bilerak egin dituzte desadostasunak libratzeko. Baina ez dira ondo hasi negoziazioak. EH Bildu lehen bileraren ondoren atsekabetuta agertu da: "Aurrekontuetako lehenengo bilerara sartu gara eta Gorka Urtaranek ez du inolako eskaintza zehatzik egin: 2017ko aurrekontuetarako akordiorik bada, ez dago hau betetzeko inolako bermerik. Mahaiaren gainean ez dago aurrerapausurik. Ez dugu ikusten Urtaranek akordioa lortu nahi duenik", esan du Miren Larrionek.

Ezkerreko indar politikoek –EH Bilduk, Podemosek eta Irabazik–  osoko zuzenketak aurkeztu dizkiote EAJk eta PSEk azaroaren 30ean aurkeztu zuten aurrekontu proposamenari; PPk, bere aldetik, "etorkizunera begira" ehundik gora emendakin partzial landu ditu, udal aurrekontu proposamena "hobetzeko".

Konpromisoak

Iazko konpromisoak bete ez izana leporatzen diote EH Bilduk, Podemosek eta Irabazik Urtaranen udal gobernuari. Miren Larrion eledun abertzaleak aditzera eman duenez, "aldaketaren alde adostutako partiden %7 bakarrik bete da". Podemosek osoko zuzenketaz gainera, 90 emendakin partzial  aurkeztu ditu. Aurrekontuaren inguruko akordioa ez betetzea leporatu die EAJri eta PSEri, eta halaber EH Bildu kritikatu dute "mugikortasunaren" eta "OHZren (Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga) inguruan" udal gobernuarekin lortu dituen akordioengatik. 

Ildo beretik, Irabaziko zinegotziak emendakin partzialak aurkeztu ditu (44) eta osoko bat. Udal gobernuaren egitasmoa "iraganari" begiratzen diola kritikatu du talde ezkertzalearen arduradunak.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide