alea.eus

Nekazaritza ekologikoko enpresen mintegia martxan jarriko dute 2017an

Erredakzioa 2016-12-19 10:35   Ingurumena  Gasteiz

Basaldea izeneko proiektua Abetxukun kokatzen da, eta tokiko nekazaritza ekologikoa sustatzea du helburu.

Gasteizek nekazaritza ekologikoa sustatzeko Basaldea proiektua abian jarriko du. Izan ere, Tokiko Gobernu Batzarrak laster onetsiko du Abetxukuko baratzezaintza ekologikoko enpresen mintegiko lursailak alokairuan esleitzeko deialdia. Orotara, hamaika lursail egongo dira, (19 hektarea inguru). Lursail horiek nekazaritza ekologikoko proiektuak garatzen hasi nahi duten ekintzaileei daude zuzenduak.

Ustiapen guztiek zuzeneko sarbidea dute, eta ureztatzeko hargunea; instalazio komunak (aparkalekua, bulegoa, aldagelak, biltegia, etab.) ere erabili ahalko dituzte. Nekazaritza ekologikoaren alorrean prestakuntza edo esperientzia duten pertsonek, 60 urtetik beherakoek, alokatu ahalko dituzte, lantzeko moduko landa-lurrik ez badute. Ustiapenak gehienez bost urtez alokatu ahalko dira. Hileko errenta 24 eta 49 euro artekoa izango da, lursailaren neurrien arabera.

Basaldea proiektu honen bidez, autoenplegua eta ekintzailetza sustatu nahi du Udalak,  nekazaritza ekologikoarekin lotutako hamaika ustiapenen bidez. Hauetan, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten taldeetan enplegua sortzea lehenetsiko da. Gainera, nekazaritzan ari direnen adina gaztetzen lagunduko du, eta bertako produktu ekologikoen kontsumoa %5 gehitzea ahalbidetuko du hiriko ostalaritzan eta azken kontsumitzaileen artean.

Basaldea proiektua osorik garatzeko lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Hazi fundazioak, ENEEK-Euskadiko Nekazaritza eta Elikagai Ekologiko Kontseiluak eta Azoka Plazako Merkataritza Gunearen Elkarteak.

Datorren abenduaren 20an, asteartean, proiektuari buruzko jardunaldi informatiboa eskainiko dute Europa biltzar jauregian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa