Euskararen Eguna 2016

Laboa gertutik sentitu eta gozatzeko

Anakoz Amenabar 2016ko abe. 9a, 13:34
Abenduaren 2an bisita gidatua egingo du Itziar Zubizarreta instalazioaren arduradunak. /Oihaneder

Urtarrilaren 8ra arte izango da Oihaneder Euskararen Etxean Laboa, gertutik musika instalazioa.

Oholtza bat, aulki bat eta ahotsa. Elementu soil batzuekin gogora ekarri nahi izan dute Mikel Laboa, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, Laboa, gertutik musika instalazioaren bitartez. “Soiltasuna baitzen haren ezaugarri nagusietako bat; soiltasunaren indarra”, azaldu du Juan Kruz Igerabidek, EHUko Laboa Katedrako kideak. Abenduaren 2tik urtarrilaren 8ra bitartean, musikaria gertutik sentitu eta gozatzeko aukera izango dute bisitariek Jovellanos aretoan.

Proposamenak Laboak bere ibilbidean jorratutako esperimentazio estetikoa azpimarratu nahi du, Iñaki Lazkano Oihanederreko kideak aipatu moduan: “Bere ahotsa unibertso propioaren adierazpen gisa, jolas fonetiko aberatsen bidez, umorea eta ironia tartekaturik, bizitzaren garraztasuna eta edertasunaren adierazpenarekin batera, etenik gabeko jokoan”. 

Ekintza osagarriak

Musika instalazioaren testuinguruan hainbat ekintza osagarri antolatu dituzte abenduan zehar artista bera eta  lana hobeto ezagutzeko. “Bihartik aurrera Itziar Zubizarreta, Dantzaz konpainia, Ibon Rodriguez, Ana Gandara, Josune Albisu, Auritz Aurtenetxe eta Juan Kruz Igerabide bera izango ditugu Oihanederren ezagutza horretan sakontzen laguntzeko”, azaldu du Lazkanok.

Bihar, abenduaren 2an, inaugurazioaren ostean, Itziar Zubizarreta instalazioaren arduradunak bisita gidatua eskainiko du, 19:00etan. Ordubete beranduago, 20:00etan, Txoriak dantza ikuskizuna izango da, Dantzaz konpainiak Mikel Laboaren musikarekin, Josu Mujikaren koreografiarekin eta Iñaki Salvadorren aholkularitza musikalarekin sortutakoa.

Abenduaren 14an, bestetik, Ibon Rodriguezek Laboaren belarria izeneko saio didaktikoa eskainiko du, 19:00etan. Hilaren 20an, ordu berean, Laboaren inguruan egindako ikerketen jardunaldian hiru hitzaldi labur entzuteko aukera izango da, bakoitza 20 minutukoa. Batetik, Ana Gandarak Laboaren begirada joria hitzaldia eskainiko du. Josune Albisuk Laboaren kanten bidezko harreman-sareak izango ditu hizpide eta Auritz Aurtenetxe Laboaren bide esperimentalaz arituko da. Azkenik, hilaren 22an, 19:00etan Mikel Laboa (1934-2008) dokumentala eskainiko da eta proiekzioaren ostean Juan Cruz Igerabidek solasaldia gidatuko du.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide