SEA Arabako enpresariak erakundeak gogor kritikatu du Gasteizko Udalak Ekonomia-jardueraren gaineko zerga (EJZ) %1,93 igotzeko hartu duen erabakia. Gainera, udalarekin harremanak apurtzeko mehatxua egin du Arabako Enpresariak erakundearen lehendakari Pascal Gomezek, gaur goizean egindako agerraldian, "2015ean EAJ, PP eta PSE udal taldeekin sinatu zuen akordio betetzen ez bada". Akordio horrek 2015-16-17 hirurtekoan EJZ-ren koefizientearen zenbatekoa zehazten zuen eta orain udalak onartu duen hitzarmena "gure erakundeen kaudimena eta sinesgarritasun ekonomikoaren aurkako erasoa" dela uste du SEAk. Aurreko urriaren 28an udal-gobernuak, EH Bildu eta Irabazirekin adostu zuen moduan, hurrengo ekitaldian milioi bat eurotik gora fakturatzen duten enpresek ere ordaindu behar izango dute zerga hau; orain arte, fakturazio-muga bi milioi euroan zegoen. Horrez gain, zerga kalkulatzeko koefizientea igotzea adostu dute; 1,14tik 1,93ra.
Neurri honen eraginez, "500 lanpostu galduko dira eta 3.000 enpresei eragingo die", ohartarazi du Gomezek. Aurretik adostutako akordioa bete ezean, udalarekin harremanak apurtu behar izango dituela adierazi du Arabako Enpresariak erakundearen lehendakariak.