Gasteizko Udalbaltzak omenaldia egin die gaur Antonio Ligero eta Rafael Mucientes poliziei, 1987an abuztuaren 6an, Andre Maria Zuriaren jaietan, ETAk egindako atentatu baten biktimei. “Gasteiz zuekin dago, baita biktima guztiekin ere. Momentua iritsi da min guzti hori aitortu eta baita dignitatea berreskuratzeko ere", adierazi die familiei Gorka Urtaran alkateak.
Talde politiko guztien ordezkariak izan dira udaletxean egindako harreran, biktimen senideekin batera, Logroño eta Conil de la Fronteratik (Cadiz) etorriak. Francisca Bonillo, Antonio Ligeroren alargunak, bizitako “izua, mina eta etsipena” gogoratu ditu, baina bere barnean gorrotorik ez dela geratzen azaldu du. Gorrotorik gabeko gizartearen alde apostua egin du, “ulerkorra den eta librea den” gizartearen alde.
Ondoren, Udalbaltzako ordezkariak Armentiara joan dira, bertan gertatu baitzen auto-bonbarekin egindako atentatua. Gertaera oroitzen duen plakaren ondoan, alkateak eta familiak lore sorta bana ipini eta minutu bateko isilunea egin dute.