Astoen ordez, barrika lasterketa

Itsaso Estarrona 2016ko uzt. 18a, 12:07

Udalak asto-lasterketa debekatu ondoren, 57 kiloko barrikak mugituko dituzte blusek eta neskek uztailaren 25ean.

Astoek ez: blusek eta neskek eraman behar izango dute zama astuna aurten. Andre Maria Zuriaren plazako goroldiozko letretatik hasita, 57 kiloko barrikak eraman beharko dituzte kuadrillek pirritan (biraka), 400 metroko hiru itzulitan: Posta kaletik abiatu, Correosen jira egin, Plaza Berria zeharkatu eta, El Mentiron tabernaren izkineraino jaitsi ondoren, abiapuntura bueltatuko dira.  

Sailkapen-itzuli batekin hasiko dira berotzen parte hartuko duten 13 kuadrillek, goizeko 09:30ean. Iritsitako postuan irtengo dira ondoren bikoteak, 11:00etan, lasterketa puntuagarrian. Lan-eskularruak jantzita, hainbat joku-arau bete beharko dituzte blusek eta neskek: barrika eskuekin bultzatu behar izango dute, eta bikotekideetako bat une oro egon beharko da upelarekin kontaktuan. Kronometroa eskutan, Arabako Atletismo federazioko kideek neurtuko dituzte denborak eta, horiek barne, guztira 50 boluntario arituko dira antolakuntza eta segurtasun lanetan. 

Plaza Berriko sarrera eta irteera izango dira punturik gatazkatsuenak antolatzaileen arabera, arkuen artean barrika bakar baterako lekua dagoelako. Apurtu ez daitezen, errefortzu estrak izango dituzte upelek, Oiongo enpresa batek txapelketarako propio egindakoak. Sari nagusia ere barrikatik etorriko da: 225 litro ardo, Luis Cañas upeltegiaren eskutik. Horrez gain, Arabako Errioxan asteburupasa bat, upeltegietan ardo-dastatze eta bazkariak, bisitaldiak eta liburuak banatuko dituzte trebeenen artean. 

Arabako ardogintza sustatzea helburu

Hain zuzen, Gasteiz Wine City elkartearekin elkarlanean antolatutako proba da upel-lasterketa, lurraldeko ardogintza sustatzeko helburuarekin. Asmo horrekin, hainbat gune jarriko dituzte Andre Mari Zuriaren plazan: Wine City ekimenari buruzko erakusmahaiak, txakoli ekoizleen karpak eta Arabako Errioxako food truck bat (janari-kamioi bat); bestalde, Arabako liburu-saltzaileen postuak egongo dira ere. 

Inspirazioa, era berean, eskualde ardogile batean aurkitu dute: Italiako Toscanako Montepulciano herrian, zehazki. Bertan, zaldi lasterketa egiten zuten XIV. mendeaz geroztik, 1974an upel-txapelketa batekin ordezkatu zuten arte.

Gasteizen, 1962az geroztik egiten zen asto-lasterketa ordezkatuko du upel-txapelketa berriak. Izan ere, Udalak animaliekin egindako proba debekatu egin du aurten, Animalien edukitzeari eta babesteari buruzko Gasteizko araua urratzen duelako.  Iaz, gainera, 11.000 sinadura baino gehiago bildu zituen animalien defentsarako ATEA elkarteak, astoen erabilera hori bertan behera uzteko.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide