alea.eus

Hogei jarduera, Gasteizen naturan murgiltzeko

Itsaso Estarrona 2016-07-06 13:57   Gizartea  Gasteiz

Ibilbideak, ikastaroak, familia-jarduerak eta erakusketak antolatu ditu Udalak

Hogei jarduera, Gasteizen naturan murgiltzeko
Argazkia: Gasteizko Udala. | Ikusi handiago | Argazki originala

Gasteiztarrak naturaren zoko-mokoetan murgildu daitezen, hogei jarduera antolatu ditu Udalaren Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (CEA, gazteleraz), aste honetan hasita eta irailaren bukaerara arte.

Erakusketei dagokionez, hiru programatu dituzte Salburuko Ataria zentroan. Lehenak aste honetan ireki ditu ateak, eta uztailaren 17ra arte jarraituko du zabalik: Intsektuak; forma eta irudien mikrokosmosa ezagutzeko aukera eskaintzen du, Alicanteko Unibertsitatea eta Biodibertsitatearen museoaren  eskutik.  

Bigarren esposizioaren gaia Nepal, bizitzaren zikloa izango da, Tato Edroso argazkilariaren irudiekin; uztailaren 26tik irailaren 4ra arte egongo da zablik. Azkenik, Iberiar hegazti sarraskijaleak; ekosistemen garbiketa-patruila aztertzeko parada egongo da Atarian irailaren 13tik urriaren 16ra arte, Ramon Arambarri eta Mario Bregaña natura-argazkilarien irudiez osatuta.  

Ikastaroak ere programatu dituzte udarako: Zerynthia elkarteak gaueko tximeletak identifikatzen ikasteko saioa gidatuko du irailaren 17an. 

Santo Tomas, gertutik 

Gasteizko fauna eta paisaiaren aberastasuna hobeto ezagutu nahi dutenentzat ibilbideak antolatu ditu Udalak, horietan lehena larunbat honetan, 08:30etik 13:00era Atariatik abiatuta. Hitzorduan, Salburua, Arkauti, Betoñu eta udalerriko beste hainbat bazter zeharkatzen dituen Santo Tomas erreka ezagutuko dute parte-hartzaileek. 

Beste lau txango-proposamen daude oporretarako agendan: Uda eta hegaztiak Salburuan ibilbidea, Zetazeoak 10etan jarduera Bermeon, Hegazti migratzaileei beha irteera hezegunean eta Gauez, marrualdia entzuten arratsalde-pasa parkean bertan ere.

Txorientzat, menua etxean

Familiei bereziki zuzendutako jarduerak aurreikusi dituzte egitarauan. Sei eta 12 urte bitarteko umeek txoriei jaten emateko bazkalekuak egiten ikasiko dute, Bazkaleku aerostatikoa izeneko tailerrean. Izarrak ezagutzeko saioa eta materialak birziklatuz gauza berriak sortzeko lantegia izango dira tailerretako beste bi. 

Atariaren arduradun Gorka Belamendiaren esanetan, "hiritarrek ingurugiroaren kontzientzia hartzea" nahi dute, eta "biodibertsitate handi batek bizi kalitatea hobetzen duela ezagutarazi". Izen-ematea zabalik dago Atarian, Udalaren webgunean, 010 zenbakian eto gizarte etxeetan.

 

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia Martin Rezola 2016-07-06 15:06 Erantzuna | #1

Hogei jarduera horietatik, zenbat dira euskaraz (ez "ele bietan")?

Erredakzioa 2016-07-06 16:23 Erantzuna | #2

Kaixo Martin,
hementxe duzu Udalak zabaldu duen programa: http://blogs.vitoria-gasteiz.org/medios/files/2...
Baina bertan ez dute zehazten zein hizkuntzatan diren jarduerak. Bestela, 010era deituta, argituko dute zure zalantza. Eskerrik asko eta ondo segi.

Erabiltzailearen aurpegia Martin Rezola 2016-07-07 08:22 Erantzuna | #3

Eskerrik asko erantzuteagatik.

Ez da erraza, ez, datua jakitea. Nik ere galdetu izan dut, inoiz edo behin, Udaletxean, eta, oker ez banago, izena emateko unean baino ez zaizu agertzen begi aurrean hizkuntzari buruzko informazio hori.
Edonola ere, proba egin dut eta hogei jarduera horietatik euskaraz 0 direla uste dut (“ele bietan” mozorropekoak kenduta, jakina).

Ingurumenaren alorrean, ANI Arabako Natur Institutuak oso ekintza interesgarriak antolatzen ditu urte osoan zehar, baina denak gaztelaniaz dira. Berdin “Alavesia” elkarteak edo SEO Birdlife famatuak ere. Tristea iruditu arren, nik ez diot ANIri edo SEOri esango zer eta nola antolatu behar duten beren ekintza-programan. Baina CEA Ingurugiro Gaietarako Ikastegia Udalaren mendeko erakundea da, eta instituzioek oinarrizko konpromiso batzuk bete eta betearazi behar dituzte. Besteak beste, linguistikoak.

Honek guztiak beste galdera bat planteatzen dit, oraingoan Alearen jokabideari buruz. Ez da kritika bat, gogoeta bat baizik. Zer dela eta egin behar diogu Udalari doako publizitatea gaztelaniaz antolatzen dituen jarduera batzuei buruz? Eta bigarrenik, Alean gaztelaniazko hitzaldi bat iragartzen denean (eta ez naiz esaten ari iragarri behar ez denik), ez al da komeni hizkuntzaren datu hori agertzea, tokia, lekua eta ordua jartzen diren modu berean? Nik baietz uste dut.

Erredakzioa 2016-07-07 10:15 Erantzuna | #4

Egun on Martin,

Argi dago euskararen erabilera eta normalizazioan eragitea dela ALEAren helburu nagusia, horrenbestez euskaraz gure lurraldean antolatzen diren ekintzei arreta berezia eskaintzen diegu eta gure edukien artean pisu nabarmena hartzen dute. Esate baterako, agenda atalean euskaraz antolatzen diren ekitaldi eta ekintzak besterik ez ditugu iragartzen eta gure lurraldean euskaraz burutu daitezkeen ekintza guztien berri ematen saiatzen gara.

Halere, komunikabide bat garen heinean gure irakurleen interesekoak izan daitezkeen albisteen berri ematen saiatzen gara, edozein hizkuntzatan izanda ere. Kasu honetan zehazki, jendeari erakargarria gerta dakiokeen informazioa eskaini nahi diogu eta tamalez horrelakoetan ez dugu hizkuntzari buruzko informazio zehatzik jasotzen. Saiatuko gara ahal dugun neurrian informazioa ahalik eta gehien zehazten.

Ondo izan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa