Bart gauen gizonezko batek Ertzaintzari jakinarazi dio 60 urte inguruko emakumea hil eta gorpua Zadorra ibaira bota duela. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, ustezko hiltzailea, 43 urteko gizona, atxilotuta dago eta gizonak esandakoa egiaztatzeko ikerketa abiatu du Poliziak. Urpekariak Abetxuku inguruan ari dira emakumearen gorpua bilatzen. Goizeko hamaikak aldera topatu dituzte gorpu baten arrastoak, zerra batekin eta beste tresna batzuekin batera.
Atxilotuaren arabera, eztabaida bat izan zuen emakumearekin, eta hil egin zuen, Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitza batean. Ondoren, gorpua zatitu eta Zadorra ibaira bota duela adierazi du. Gasteizko epaitegiak sekretupean ezarri du sumarioa.
Iturri ofizialen arabera, biktimak eta ustezko hiltzaileak elkar ezagutzen zuten, eta emakumea gizonaren etxera joaten zen noizean behin. Hainbat komunikabidek gaineratu dute droga eta alkoholarekin arazoak zituztela biek, eta gizonezkoak neskalaguna zuela. Biktimen artean "harreman afektiborik" ez dela probatu-eta, genero indarkeria kasu bat izatea zalantzan jarri du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Josu Erkorekak (EAJ), bikote harremanik egon ezean Espainiako legediak ez duelako hilketa hori genero-biolentzia gisa aintzat hartzen.
Adierazpen horien aurrean, gordin mintzatu da Euskal Herriko Mundu Martxa: "Ez zutela harremanik? Eta zer? Gizon batek emakume bat erail du, eta horrek sistema heteropatriarkala du oinarri". Emakundek, bere aldetik, ohar labur bat kaleratu du, emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean gizarteari "jarrera aktiboa erakutsi dezan" eskatuz.
Hiru hildako 14 hilabetetan
Hamalau hilabetetan hiru hilketa matxista gertatu dira Gasteizen. Iazko apirilean, 29 urteko emakume bat hil zuen senarrak Ricardo Buesa kalean. Bigarren biktima urte t'erdiko Alicia haurra izan zen, urtarrilaren 25ean. Bere amarekin harremana zuen 30 urteko gizon batek leihotik behera bota zuen, Askatasun kalean. Bost hilabete baino pasa ez direnean, hirugarren biktima bat utzi du biolentzia matxistak: auzokideek Txema bezala identifikatu duten Alde Zaharreko gizon batek Margarita izeneko 60 urteko laguna hil du.